1936ko kolpearen ondoren magisteritzak jaso zuen errepresioaren inguruko liburu bat editatu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 21a, 17:24

“Militancia y represión. La Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE) en Navarra, 1931- 1936” liburuak Nafarroako 350 maisu baino gehiagok pairatu zuten prozesua errepasatzen du.

Nafarroako Gobernuak “Militancia y represión. La Federación Española de Trabajadores de la Enseñanza (FETE) en Navarra, 1931- 1936” liburua aurkeztu du gaur goizean, Nafarroako Memoriaren Institutuak argitaratutako argitalpena. Bertan, 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan 350 maisu-maistra ingururi egindako errepresio-praktikak errepasatzen dira.

Reyes Berruezo Albéniz, Juan José Casanova Landívar eta Francisco Javier Ema Fernándezek idatzi dute liburua, eta, bertan, 381 orrialdetan zehar, errepasatzen da Hezkuntzako Goi Batzarrak, kolpe militarraren ondorengo lehen asteetan horretarako sortutako erakundeak, Institutuko zein Irakasleen Eskola Normaleko maisu errepublikanoei eta lehen irakaskuntzako ikuskatzaileei ezarritako errepresio-prozesua.

Liburuan errepasatzen den moduan, talde horrek ezarpen ugari jasan zituen hainbat urtetan; hala nola, kargugabetzeak, enplegua eta soldata partzialki edo osorik kentzea, atzera-egite eta leku-aldatze idatziak. Baina, horrez gain, errepresio-praktikak ere jasan zituzten; esate baterako, espetxea, ondasunak konfiskatzeko edo erantzukizun politikoak izateko espedienteak irekitzea edota, hilketa bera.

Aurkezpenaren prentsaurrekoan, Herritarrekiko Harremanetako Ana Ollo kontseilariak; Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusia den Martin Zabalzak; eta liburuaren idazleetariko bat den Reyes Berruezok hartu dute parte, eta kontseilariak nabarmendu du garaia dela agintari demokratikoek “errepresioaren erantzukizun instituzional hura aitortzeko eta, era horretan, talde horren memoriaren erreparazioan aurrera egiteko eta bultzatu zituzten giza eta hezkuntza printzipio haiek aldarrikatzeko”.

Ana Ollok, halaber, berrikuntza pedagogikoarekiko eta Federazioaren eraldaketa sozialarekiko konpromisoa nabarmendu du; izan ere, konpromiso hori “ukaezina izan zen, eta, horregatik, erregimen frankistak errepresaliatu zituen. Argitalpen hau funtsezko pieza da gure lurraren memoria berreskuratzeko; beraz, eskerrak eman nahi nizkieke egileei ikerketa zehazteko egindako ahaleginarengatik”.

Bestalde, Martín Zabalzak egileen ibilbide zabala errepasatu du. “Reyes Berruezo”, esan du, “emakume aitzindaria da Nafarroako magisteritzaren errepresioaren azterketetan”. “Juan José eta Javier”, berriz, “erreferentzia dira dituzten iturri dokumentaletan edota ikerketa-lanengatik jaso dituzten sariengatik”.

Reyes Berruezok nabarmendu du talde hori “eskola publikoa, eskolak sortzea eta kontratazio publikoak egitea defendatzen ahalegindu zela”. Errepresioari dagokionean, egileak gogoratu du FETEk defendatutako hezkuntza-politika osoa eten egin zela. “Liburuan, kasu askotan 50eko hamarkadaren amaierara iristen diren errepresio-prozesuak jarraitu ditugu, Nafarroako hezkuntzak duen orrialderik beltzena. Ilusio handiarekin egin dugu lan, eta pozik gaude liburua argitaratu delako”, amaitu du.

"Prozesu krudela eta zentzugabea"

Liburua jada eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren argitalpenen katalogoan eta Nafarroako Memoriaren Institutuko liburutegi espezializatuan. Liburuan zorrotz aztertzen da asoziazionismotik sindikalismora irakaskuntzaren sektorean izandako bilakaera eta talde horrek 1936ko estatu-kolpe militarraren ondorioz jasandako errepresioa.

Autoreek beren ondorioetan adierazi nahi izan duten moduan, “eraildakoei zehapen-espediente bat mantentzeak haien heriotza tragikotik sei urtera, prozesua nolako zentzugabea eta krudela izan zen erakusten du. Egiaztatu gabeko datuetan oinarritzea, arbitrariotasunaren adibidea da. Interesagatik afiliatu zirenekin anker jokatzea eta epelak zigortzea, garaileen boterea agerian uzteko, ziurrenik errepresoreen apalkeria moralaren seinale da. Zigortu guztiak deskargu-pleguak aurkeztera makurtzea, egolatriaren eta harrokeriaren seinalea. Ia 20 urtez espedienteak irekita mantentzea protagonismoa eta mendeku-grinagatik bakarrik uler daiteke”.

Jada proiektatuta dauden etorkizuneko lanekin maisu-maistra errepublikar guztiengana zabalduko da azterketa, Nafarroako irakasleei egindako errepresioaren mapa osatu arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!