Hezkuntzak LGTBI+ legea bete zezan esku hartu behar izan duela salatu du LAB sindikatuak

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 18a, 13:20

Ikasleak askatasunean, feminismoan eta sexu eta genero berdintasunean hazi eta hezteko, askotariko ereduak izatea ezinbestekoa dela adierazi du sindikatuak.

Hezkuntza Departamentuak legea bete zezan bitartekari aritu behar izan du LAB sindikatuak. Hezkuntzan irakasle gisa lan egiteko zerrendak ireki eta bertan izena eman zuen trans pertsona batek. Pertsona honek izena aldatua zuen bere dokumentazio guztian (baita erregistro zibilean eta NANrean ere), soilik unibertsitateko tituluan zuen haren izena aldatu gabe. Hezkuntza Departamentuarekin telefonoz harremanetan jarri ondoren eta dokumentazio guztia eguneratuta bidali eta gero, bertako langile batek zerrendetan bere identitate errealarekin agertuko zela ziurtatu zion. Baina, behin-behineko zerrendak argitara ateratzean, jadanik existitzen ez den identitatea agerian uzten zuen izena topatu zuen. "Zerrendak publikoak izaki, horrek kalte psikologiko izugarria sor dezake; eta halaxe sortu du kasu honetan behintzat", agitu du LAB sindikatuak.

Hezkuntza Departamentuarekin berriz ere harremanetan jarri eta behin-betiko zerrendak argitaratu arte ezin zela aldaketarik egin esan zioten. LAB Irakaskuntzaren laguntzarekin eta LAB LGTBI+ taldeko kideen laguntzaz, akatsen zuzenketa eta kexa formala jarri zuten. Arratsalde horretan bertan egin zuten aldaketa. Hezkuntza Departamentuko langilearen jarrera "egokia eta laguntzailea" izan dela zehaztu du sindikatuak. 

LABen iritziz adibide honek erakusten du borrokak merezi duela, baina ohartarazi du kalte psikologiko eta pertsonalaz harago, langileen eskubideak ere urratzen dituela egoera honek. Langileriaren eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideez harago, pedagogia arloari ere eragiten dio aferak sindikatuaren aburuz: "Ahoa hitz politez betetzen zaigu, baina benetan politika pedagogiko aurrerakoiak bultzatu behar ditugunean oztopoak besterik ez ditugu aurkitzen administrazioaren partetik eta, askotan, gehiegitan, baita jendartearenetik ere. Ez al dugu, bada, aldarrikatzen SKOLAE bezalako programen bidez genero eta sexu heziketaren inguruan dugun ikuspegi atzerakoi zaharkituaren berritzea?". Bizitzak erdigunean jartzeko beharra azpimarratu du sindikatu abertzaleak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!