Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek agerraldia egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako batzordean, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek eskatuta. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria eta Aitor Elexpuru Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea izan dira mankomunitatearen izenean aritu direnak.
Lazkanok eta Elexpuruk gogoratu dutenez, gaur goizekoa UEMAk Nafarroako Parlamentuko batzordeetan azken urteotan egindako bosgarren lan saioa izan da, beti ere langile publikoen hizkuntza eskakizunen inguruko txostena aurkezteko, parlamentariei dagozkien azalpenak emateko eta eskaerak egiteko. Gaurko agerraldian, besteak beste, eremu euskaldunetako lanpostuetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea eskatu dute berriro ere, herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea berariaz bermatu dadin eremu euskaldunetan.
Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen gaur egun eragozpenak dituzten lanpostuen azterketa eginda, zerbitzu gehiago ere badiren arren, UEMAk lehentasunezkotzat jo ditu honako arloetako lanpostuak: osasun arlokoak, liburuzainak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak, mendizainak, foruzainak. Baita Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoak ere.
Osasun arloari dagokionez, euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan EB2 maila eskatzen da. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak dituen datuen arabera, 2019an zehar Nafarroako Gobernuarekin lotutako 71 herritarren kexa jaso ziren. Kexa horietatik 38 (%53,5) osasun arloari zegozkionak izan ziren. Hau da, Osasunbideak eskaintzen duen zerbitzuarekin lotutakoak.
Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoei dagokienez, euskaraz egin litezkeen tramiteen egoera larria da. Egoitza Elektronikoan tramite guztien %23 egin liteke euskaraz. Administrazio Publikoaren katalogoan, berriz, %2,5 besterik ez.
Horiek guztiak kontuan hartuta, eta arlo guztietako egoera aztertuta, honako eskaerak eta proposamenak egin ditu gaur UEMAk Nafarroako Parlamentuan:
Osasun arloari dagokionez:
- Eremu Euskalduneko Osasun etxeetan, eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea. Besteak beste, pediatrei, medikuei, larrialdi zerbitzuetako medikuei, eta jendaurrean lan egiten duten langileei (erizainak, administrari-harreragileak…).
- Behar bezalako zerbitzua emateko EB2 maila nahikoa ez dela ikusirik, lanpostu horietan EC1 maila eskatzea.
- Hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat egitea. Batetik, plaza elebidun gehiago izan daitezen bermatzen joateko; bestetik, plaza elebidunetan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen bermatzeko.
- Gainerako arloetan ere urratsak ematea: paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografietarako hitzorduak, mamografien txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak, eta abar.
Bestelako zerbitzuei dagokienez: liburuzainak, mendizainak, Nafar Lansare, foruzainak…
- Eremu euskalduneko lanpostuetarako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea. Lehentasuna jendaurreko lanpostuek izatea; herritarrekin harreman zuzena dutenek.
- Lanpostu horietarako eskatu beharreko maila lanpostuaren zereginak betetzeko modukoa izatea.
- Langile elebidunak egon daitezen bermatzea, bai behin-behineko zein behin betiko euskarazko plazetan, eta baita haien ordezkapenetan ere.
- Gainerako esparruetan ere urratsak ematea: hizkuntza-paisaia, informazio-orriak, aipuak, inprimakiak, webguneetako edukiak, SMS mezuak…
- Zirrikitu elebidunak: herritar elebidun batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzu elebiduna jasotzeko eskubidea bermatzea. Hau da, zerbitzuaren prozedura osoa amaitu arte egin beharreko ibilbidean, arreta osoa elebiduna izan dadin bermatzea.
Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoei dagokienez:
- Nafarroako Gobernuaren Egoitza Elektronikoaren bidez herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoak bi hizkuntza ofizialetan egiteko aukera bermatzea.
- Administrazio publikoaren katalogoaren bidez egin daitezkeen tramiteak bi hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko aukera bermatzea.
Agerraldia amaitzeko, Nafarroako Euskararen I. Plan Estrategikoan jasotako hitzak gogorarazi dituzte UEMAko ordezkariek: “Udalerri euskaldunetan edo euskararen arnasgune diren lekuetan euskarak gizarte bizitzan duen nagusitasuna zaindu eta sendotu beharrekoa da. Hizkuntza orok kualitatiboki osoak eta trinkoak diren gizarte guneak behar ditu, eta euskarak Nafarroan bereak baditu eta izaten segitu behar du.”