Hezkuntzak bizi duen egoera larria salatu du komunitateak

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 2a, 08:35

Protesta koloretsua egin zuen atzo Hezkuntza Plazara egitasmoak hainbat herri eta auzoetan.

Pandemiaren testuinguruan hezkuntzako komunitateak bizi duen egoeraz kezka eta premia larria gizarteratu zuten atzo Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan. Hezkuntza komunitatearen lana aitortu, administrazioen utzikeria salatu eta komunitatea edigunean jar dadila eskatu zuten. 

Udaran ikusi eta ikasitakoetatik, pasa diren hilabeteak tarteko, bestelako ikasturte hasiera bat espero zitekeen. Aurrez aurreko eskoletara itzulera hezkuntza komunitatea eta Hezkuntza administrazioaren artean landu eta adostu zitekeen, baina, ez da hala izan. Planifikaziorik eza pairatu dugu, oraindik ere inprobisazioa, baliabide nahikorik eza edota egiturazko arazoak bizi ditugu, osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko zailtasun handiak ditugu", azaldu dute. Hori dela eta, "haurrak, nerabeak, hezkuntza langileak eta gurasoak" erdigunera ekarri behar direla aldarrikatu dute. "Zuzendaritzak eta Haur Hezkuntzako  Koordinatzaileak kontingentzia planen  arduradun egin gaituzte: formazio eta  baliabide egokirik gabe, lan karga izugarriarekin. Hezkuntzako langileon  bizkar (sukaldari, garbitzaile, espezialistak, hezitzaileak, irakasleak, jantokikoak, atezainak) ardura handia jarri da, horretarako baliabide aski eta formazioa behar ditugu".

Pandemiari aurre egin eta Euskal Herrian hezkuntza sistema "aurreratua" eraikitzeko minimoak eta urgentziak biltzen dituen aldarrikapen taula aurkeztu dute:

  • Arrakalak gainditu, inklusioa bermatu.  Pandemiak areagotu dituen arrakala guztiak  gainditzeko neurriak eta baliabideak behar  ditugu (akademikoak, sozioekonomikoak,  kulturalak, linguistikoak, generokoak,  emozionalak) behar gehien duten ikastetxe  eta kolektiboetatik hasita.  
  • Eskolak auzoan eta naturan. Osasun eta pedagogia ikuspegitik, hiri/herri/auzo mailako  beste espazio publiko batzuen erabilera  eta naturan ere heztea ahalbidetu behar  da. Kontrola, oztopoak eta debekuak baino  baliabideak, erraztasunak eta segurtasun  juridikoa behar ditugu. 
  • Haurren eskubideak. Haurrak eskubide osoko  herritarrak dira. Haur guztiak aintzat hartu  eta zaintzeko kultura sustatzea aldarrikatzen  dugu, hezkuntza eskubide unibertsala  eta aukera berdintasuna bermatuz. Jolas  librerako eskubidea, askatasuna, espazioak,  ikaskuntza, esperimentazioa, sormena,  pentsamendu kritikoa, autonomia, elikadura,  baliabide pedagogiko eta digitalak, osasuna,  etab. bermatu behar dira. 
  • RATIOAK jaitsi. Osasun zein arrazoi  pedagogikoak tarteko, haurren-ikasleen  ongizate osoan eta garapen integralerako  baldintzetan ere eragin zuzena daukalako.
  • Langileak kontratatu. Hezkuntza kalitatea  bermatzeko langile askoz gehiago behar  ditugu ikastetxeetan: garbitzaileak, jantokietako langileak, hezkuntza berezikoak,  haur eskoletakoak, irakasleak, etab.  
  • Jangelak ikasle guztientzat zabaldu.  Kontziliaziorako ez ezik, heziketarako espazio  eta ikasle askoren elikadura bermatzeko  lekua delako. 
  • Zaintza eta kontziliazioa bermatu. Haurren  zaintzarako aurrez aurreko eskolak, eskolaz  kanpoko ekintzak haur guztientzat eta  gurasoentzat ordaindutako baimenak behar  ditugu. 
  • Eraldaketa pedagogikoa. Metodologietan  eta berrikuntzan urteetan emandako aurrera  pausuak arriskuan daude. Eraldaketari eutsi  eta aukera berrietan sakontzeko deia egiten  dugu. 
  • Euskararen erabilera eta euskal kulturaren  transmisioa. Ikasle gehienentzat euskara  eta euskal kulturarekiko bizipen bakarra eskolan gertatzen da, hilabete luzeen  ondoren arrakala linguistiko eta kulturalak  areagotu dira, horregatik murgiltze ereduaren  orokortzea eta euskal curriculumaren  garapena beharrezkoak dira.  
  • Curriculuma egokitu. Egoera berezi honetan  are eta gehiago Curriculuma malgutu,  ikasleen behar eta erritmoetara egokitu,  inor atzean utzi gabe, edukien transmisioan  baino balore, printzipio eta konpetentzietan  hezi, COVID19a bizi dugun mundua ulertu eraldatzeko prestatuz. 
  • Parte hartzea bermatu. Nola bermatuko  da hezkuntzaren funtzio soziala eta ezberdintasunen konpentsatzailea, hezkuntza komunitateoi zein horiek bere baitan hartzen  dituzten herri/auzoei ez bazaigu eskaintzen  hausnarketa eta erabakietan parte hartzeko  gunerik, elkarlanean jarduteko aukerarik? 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!