Lan osasuneko institutuaren eta lan ikuskaritzaren lantaldea handitzeko eskatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 25a, 14:13
Aranaratxen langile bat hil ostean, patronalak onura ekonomikoa lehenesten jarraitzen duela salatu du sindikatuak, langileen segurtasuna eta osasuna bermatu beharrean. Heriotza salatzeko elkarretaratzea eginen du sindikatuak ostiral eguerdian.
 

Noi Montajes Eléctricos enpresako langile bat hil zen atzo arratsaldean Aranaratxen, Lizarraldean, goi-tentsioko linearen ordezkapen lanetan ari zela elektrokutatua izan ondoren.

Azken heriotza horrekin, ELAren arabera, gutxienez 9 pertsona galdu dira beren lanpostuetan 2020an Nafarroan, 55 Hego Euskal Herri mailan. Ohartarazi du, Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian lurperatuta dagoela oraindik eta ezjakina dela zenbat pertsona hil diren lanean koronabirusa hartzeagatik. 

ELAk patronalaren jarrera deitoratu du; izan ere, "lan-erreformez baliatzen jarraitzen du lan-baldintzak okertzeko eta onura ekonomikoa plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzeko betebeharraren gainetik lehenesteko". Hala, 2012tik, ezbehar-tasa %30 handitu da, eta 2017tik, enpresek 2 milioi euro baino gehiago pilatu dituzte lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzeagatik ezarritako zigorretan.

Horren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuari beste alde batera begiratzeari utzi eta patronalarentzat deserosoak diren neurriak hartzea eskatzen dio. Horretarako, elkarrizketa sozialeko politikak alde batera utzi, eta baliabide publikoak Laneko Osasunaren Institutuko eta Laneko Ikuskatzailetzako plantillak 50 langile gehiagorekin indartzera bideratu behar ditu.

Azkenik, ELAk lantokietan antolatzeko deia egiten du, bai eta lan-istripuen aurka eta bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoen alde mobilizatzeko ere. Atzoko lan heriotza salatzeko protesta eginen dute ostiralrean, 12:00etan, lan departamentuaren aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!