Biktima guztiei egia, justizia eta ordaina emateko mekanismoak eskatu diu Foro Sozialak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 24a, 12:32
José Luis Uriz eta Expe Iriarte Foro Sozial Irakunkorreko kideak, gaurko agerraldian.

Foro Sozial Iraunkorrak torturaren biktimek pairatzen duten “diskriminazioari” aurre egiteko zenbait eskaera egin ditu, Mikel Zabaltzaren desagerpenaren 35. urteurrenaren testuinguruan.

35 urte igaro dira Mikel Zabaltza desagertu eta hil zenetik. Zabaltza Altzan (Donostia) atxilotu zuten 1985eko azaroaren 25ean, gauerdian, Idoia bikotekidearekin eta Jon lehengusua eta lagunarekin batera. Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zituzten guztiak. Han egon zirenek torturak jasan zituztela eta Mikelen oihu larriak entzun zituztela salatu zuten. Denak aske utzi zituzten kargurik gabe ordu gutxi batzuk geroago edo egun batzuk geroago. Mikel ez zen irten. Zantzu guztien arabera, Zabaltza Intxaurrondoko kuartelean hil zen, torturapean. Atxilotu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Mikelen gorpua Bidasoa ibaiko uretan agertu zen, haren bila zebiltzanek ia egunero miatu zuten leku batean.

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du Zabaltzaren kasua oraindik argitu behar diren beste kasu askoren artean dagoela. “Ikerketa gehiago behar du, zalantza eta informazio ezaren azpian gordeta dago eta oraindik inork ez du bere gain hartu gertatutakoaren erantzukizuna”.

Zabaltza gogoratzeko dei egin du Foro Sozialak, bai eta berak bezala estamentu ofizialek eragindako indarkeria jasan zuten eta gaur egun oraindik ere argitu gabe jarraitzen duten beste hainbat pertsona ere. Halaber, Nafarroako gizarte osoari, bere eragile sozialei, alderdi politikoei, sindikatuei eta erakundeei dei egin diete beren gain har dezaten “giza eskubideen urraketa larrien biktima horiei guztiei egia eta errekonozimendua ematen laguntzeko konpromisoa, horretarako beharrezkoak diren mekanismoak abian jarriz”.

Foro Sozialaren premisa argia da: “Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea; eta giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, kontuan hartu gabe zein izan den biktima horiek eragin dituen indarkeriazko eragilea. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe”.

Torturaren biktimen kasuan, hainbat ikerketek agerian utzi dute milaka pertsona direla. Ofizialki onartutako kasuak, ordea, 103 baino ez dira: gutxi batzuk epai judizialen bidez, eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuaren bidez. Foro Sozial Iraunkorrak, torturaren biktimekin izandako bilera publiko eta pribatuetan, ezagutu du pertsona horiek diskriminatuta sentitzen direla – "bigarren mailako biktimak" –, eta eskatzen duten gauza bakarra haien mina ofizialki aitortzea eta erreparatzea dela.

Hori dela eta, torturaren biktimek jasaten duten diskriminazioaren aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak honako hau adierazi du:

  • Tortura ez zela noizbehinkakoa izan: “Beharrezkoa da torturaren iraupena ahalbidetu zuten garaiko arduradun politikoek publikoki aitortzea egindako kaltea”.
  • EAEko Legeari buruz Konstituzio Auzitegiak eman berri dituen epaien ondoren, 16/2019 Foru Legeari errekurtsoak aurkeztu zizkioten hiru alderdi politikoei horiek kentzeko eskatu diete. “Erantzukizunagatik eta gizatasunagatik, torturaren biktimen birbiktimizazioan sakontzeari uzteko eskatzen diegu”.
  • 16/2019 Foru Legeak dioen bezala, poliziaren zaintzapean zeudela edo atxiloketan jasandako lesioen ondorioz hil diren pertsonen kasuak espezifikoki ikertu ahal izateko eta torturaren biktimak bezala aitortuak izan ahal izateko urratsak eskatu dituzte. “Hemen Mikel Zabaltzaren kasua kokatuko litzateke, hori baita jendearen gehiengoak uste duena”.
  • Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari dei egin diote torturak Nafarroako Foru Komunitatean eragin duenaren “argazki osoa” eskaintzeko lanarekin jarraitzera, egokitzat jotzen dituen mekanismoen bidez. “Alor horretan zorroztasun handiko ikerketa zientifikoen esperientziak daude, erreferentzia positiboa iruditzen zaizkigunak, biktima askori Istanbulgo Protokoloa aplikatu baitiote. Protokolo hori tresna eraginkorra da torturaren biktimen etorkizuneko aitortza ofizialerako”.

Legegintzaldi garrantzitsua

Legegintzaldi honetan Nafarroan “bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak” betetzen direla dio Foro Sozialak: “Hainbat eragile sozial, instituzional, akademiko, politiko eta sindikal bat gatoz ideia honekin. Ezer ahaztu gabe eta iraganeko akatsetatik ikasita, bakearen eta giza eskubideen eszenatoki bat sendotuko duen bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari buruz ari gara. Gainera, badugu tarte politiko, instituzional eta soziala adostasun politiko berriak eta gehiengo berriak egituratzen jarraitzeko, oraindik konpontzeke dauden gaiei aurre egiteko, besteak beste, giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiei eskubide guztiak bermatzeko”.

Osasun krisiaren ondorioek zaildu egiten dute ekimenak abian jartzea eta urratsak egitea, baina Foro Sozial Iraunkorrak uste du horrelako egoerek ezin dutela gizartea etsitzera eraman, “irudimentsuak izatera eta orain arte agian planteatu ere egin ez ditugun formak erabiltzera” baizik. “Baina hori bai, modu partekatu eta bateratuan, guztiok (erakundeak, alderdi politikoak, gizarte zibila, sindikatuak...) norabide berean arraun eginez: egia, aitortza, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak biktima guztientzako”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!