Euskararen Adierazleen Sistemak webgunea berritu du, kontsultak errazteko

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 19a, 13:05

Orrialdean, 44 adierazleri buruzko datuak jasotzen dira, euskararen errealitatea zehatz-mehatz eta eguneratuta eskaintzeko helburuarekin.

Euskararen Adierazleen Sistemak (EAS) bere web orrialdea berritu du, eta, era horretan, erabiltzaileak datuen bankuko serie historikoak errazago kontsultatu ahal izateaz gain, beste era bateko edukiak ere eskura izango ditu: bideo tutorialak, jasotako adierazleen daturik interesgarrienak biltzen dituzten dokumentuak, euskarari buruzko azterketa desberdinen inguruko albiste nabarmenak, e.a.

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek sustatu dute ekimena.

Edukiak

Web gunea datu esanguratsuenak errazago bilatzeko moduan diseinatu da; era horretan, ikus-entzunezko gida baten bitartez, erabiltzaileak EAS erreminta erabiltzen ikas dezake urrats txiki batzuk emanda.

EAS sisteman jasotzen dira euskararen egoera gizartearen eremu ezberdinetan aztertzen duten azterketak; hala nola, Inkesta Soziolinguistikoa, Mapa Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, Errolda, Kaleko hizkuntzen erabilera neurtzea, e.a. Gainera, EASen jasotako adierazleen jatorria iturri horietatik lortutako daturik esanguratsuenak dira.

Adierazle horiei esker, euskarak gizartearen eremu ezberdinetan une jakin batean izan duen hedapena eta denboran zehar izandako bilakaera ezagutu daiteke. Horietan jasotzen dira, besteak beste, hizkuntza-gaitasunari, hizkuntzaren erabilerari (etxean nahiz kalean), helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari, kulturari, eremu sozio-ekonomikoari eta abarri buruzko datuak.

EASen hasiera

Euskararen Adierazleen Sistema euskararen errealitatea ahalik eta modu zehatzenean emateko helburuarekin sortu zen. Gaur egun, 44 adierazleren datuak bildu dira, baina urtetik urtera kopurua gehitzen doa, eta asmoa da gero eta esparru gehiago hartzen joatea. 

2017ko uztailaren 3an Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinatutako lankidetza-akordioari esker, adierazle jakin batzuek euskararen lurralde osoari buruzko datuak gordetzen dituzte. Hauek dira EASen funtsezko ezaugarriak:

  • Titulartasun publikoa: bokazio iraunkorrarekin diseinatutako zerbitzu publikoa da.
  • Aldizka argitaratzen duen informazioak ulerterraza izan behar du.
  • Euskararen lurraldeak eta herri-administrazioaren maila ezberdinak (gobernua, foru aldundia, eskualdea, udalerria,…) aztertzea du xede, horietako bakoitza bere eskumen-esparruaren eta hizkuntza-arloan esku hartzeko duen erantzukizunaren arabera.
  • Datuak lau hizkuntzatan eskura daitezke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

EAS gehiago ezagutzeko saioa

Abenduaren 10ean, saio berezi bat eskainiko da Internet bidez, Euskararen Adierazleen Sistemak eskaintzen dituen baliabideak ezagutzera emateko.

Saioan, halaber, urrats gutxi batzuk emanda, EASen hainbat formatutan jasotako datuetara nola sartu erakutsiko da, eta web guneko berrikuntzak ere ezagutzera emango dira, EASek eskaintzen dituen aukerak sakontzearekin batera.

Saioan parte hartu nahi duten pertsonek EASen web orrialdean eman dezakete izena edota honako e-mail honetara eskaera bat bidalita: eas@euskadi.eus.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!