Zentral, Indara eta Totem aretoetan, gaur, “azken kontzertua” izan litekeena

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 18a, 10:40
Totem aretoa, hutsik, aurtengo abuztuan.

Nafarroako hiru areto horiek “protesta-kontzertu” bat eskainiko dute gaur, 20:00etan, Streaming bidez, www.elultimoconcierto.com webgunean.

Nafarroako Zentral, Indara eta Totem kontzertu aretoek bat egin dute zuzeneko musikaren krisia ikusarazteko estatuko Azken kontzertua? ekimenarekin, eta gaur, "kontzertu-protestak" egingo dituzte, publikorik gabe, Internetetik jarraitu ahal izango direnak.

Zuzeneko musika eskaintzen duten aretoek une "kritiko eta zalantzazkoan daude, askok ateak itxita dituztelako pandemia hasi zenetik; beste asko, ekitaldiak antolatzen aritu arren, murriztapenak direla eta, “mugan” daude.

Gizarteari haien egoeraren berri emateko ahotsa altxatuko dute gaur, eta kontzertu formatuan egingo dute, hain zuzen ere. Zuzeneko emanaldiak egingo dituzte, baina ikuslerik gabe, Azken kontzertua? ekimenaren baitan. Estatu mailako proposamen bat da, eta Euskal Herrian, Kultura Live elkartearen barruan dauden areto guztiek babestu dute.

Areto bakoitzak emanaldi berezi bat antolatu du, eta ez dute xehetasun gehiagorik eman nahi izan,  kanpainaren inpaktua ez zapuzteko. Hala ere, kontzertuak online jarraitu ahal izango dira, 20:00etatik aurrera www.elultimoconcierto.com webgunean jarriko den zuzeneko konexioarekin.

Foru Erkidegoan Zentral, Totem eta Indara aretoek egin dute bat mugimenduarekin. Martxotik, Zentralen 60 ekitaldi baino gehiago bertan behera utzi edo atzeratu behar izan dituzte, 45 Totemen eta 21 Indaran. Kopuru orokorretan, Azken kontzertua? antolatu duten zuzeneko musika aretoen elkarteek adierazi dutenez, estatu mailan 25.000 kontzertu inguru bertan behera geratu dira martxotik, 120 milioi euro inguruko galerak eraginez eta zuzeneko 5.000 lanpostu baino gehiago arriskuan jarriz.

Azken kontzertua? Ekinbidearen manifestuak dioenaren duenaren arabera, "areto gehienek ezin izango dute iraun 2020tik haragoko zorpetze progresiboko baldintza horietan, ez badute jarduera berreskuratzen gutxieneko baldintza batzuetan, edo administrazioak ez badu erabakitzen talka neurriak eta orain arte izandako galerak konpentsatzeko laguntza ekonomikoak hartzea".

Jasotako aldarrikapenen artean, gastuak etetea eta konpentsazio ekonomikoen sistema bat ezartzea eskatu dute, sektorea azken hilabeteetan jasaten ari den eragin mailaren arabera, etorkizunean aretoen biziraupena bermatu ahal izateko. Mugimendua premiazkoa dela nabarmendu dute, saihestu nahi bada gaurkoa, hain zuzen ere, azken kontzertua izatea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!