Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen; eta Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa. Haren gorpua, ordea, ez zen inoiz agertu, eta kasuaren xehetasun asko argitzeko daude oraindik.
Orain, Jon Alonso idazle eta itzultzaileak, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bat osatu du, kasuaz dagoen informazio guztia biltzen saiatzeko, eta baita suma daitekeena iradoki, eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere.
Kasuarekiko interesaren abiapuntua, ordea, Naparraren desagertzearen aurreko urteetan dagoela azaldu du Jon Alonsok, auzokide eta klasekide izan baitzuen Naparra.
Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxienez bi istorio hartu behar dira aintzat, Jon Alonsoren arabera: bata, indarrez desagerrarazi zuten gaztearen historia lazgarria; eta bestea, semearen eta anaiaren arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera, askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren istorioa.
Biak landu eta jorratu ditu Jon Alonsok Tene Mujika sariaren laguntzaz idatzitako eta Elkar argitaletxearekin plazaratutako Naparra, Kasu irekia izeneko lanean. Lanarekin, memoria argitzeko eta astintzeko xedea du idazleak; bizigarria izango den herri bat eraikitzeko, bidean gertatu diren izugarrikeriak gogoan hartu behar direla sinesten baitu.