Lan erreformek ezarritako egiturazko arauek “prekarizazio prozesu” bat  eragin dutela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 12a, 09:17

LABeko Imanol Karrera eta Ipar Hegoa fundazioko Oihana Lopetegi, prentsaurrekoan.

2008koarekin gertatu bezala, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak langileek pairatuko dituztela salatu du LAB sindikatuak. Hori baieztatzeko, azken hamarkadan gizartean izandako prekarizazio prozesua aztertu du, eta Espainiako gobernuak 2010 eta 2013 artean ezarritako erreformen ondorio dela ziurtatu du.

AB sindikatuak Ipar Hegoa fundazioarekin egindako Ikusmiran txostenean, ondorioztatu dute Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreformetan ezarri ziren arau eta baldintza estrukturalek bere horretan dirautela, eta oraingo krisiari erantzuteko oinarriak ardaztu dituztela.

Egungo krisiak ekarriko duena aurreikusteko, azken hamarkadan Hego Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzetan izandako bilakaera aztertu dute, eta adierazle ia guztiek okerrera egin dutela baieztatu dute.

Atalka, nabarmendu daitezkeen faktoretako batzuk dira soldata arrakalak areagotu egin direla, pentsiodunen kopuru handi bat prekarietate egoeran dagoela, aberastasunen banaketak okerrera egin duela, eta etxebizitza eskubide efektibo bat izatetik urrun dagoela.

Imanol Karrera LAB sindikatuko Nafarroako ordezkariak faktore horiek aintzat hartzearen garrantzia nabarmendu du, egungo krisiak ekarriko dituen ondorioak aurreikusten lagunduko dutelako.  Egoera hori izanda, beste eredu sozioekonomiko bat defendatzearen beharra ikusten du Karrerak, eta horretarako, eztabaida soziala piztu beharko dela dio. Lan eta bizi baldintzak duintzeko bidea, “elkarrizketa soziala ez, kontraboterea” izan behar duela aldarrikatu du Karrerak, eta horretarako, zerbitzu publikoen defentsan mobilizatzera dei egin du.

Datuak eskuetan, Karrerak nabarmendu du greba kopuruak gora egin duen neurrian, lan hitzarmenen estaldurak ere gora egin duela; eta alderantziz. Hortaz, borroka sindikalaren balioa aldarrikatu du, eta, aldi berean, Elkarrizketa Sozialeko Mahaia ez dela aldagai esangurantsua berretsi du: “Ez du inolako eraginik”. Zentzu honetan, egun dauden borroken eta azken hilabeteetan izan direnen garrantzia azpimarratu du.

Hala ere, borroka eta grebak antolatzea ez dela nahikoa adierazi du, eta lan eta bizitzaren prekarizazio prozesuari buelta emateko egiturazko neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hala, Nafarroarako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat aldarrikatu ditu, eta horiek zein ezaugarri izan behar dituzten eztabaidatzen hasteko garaia dela esan du. Ildo honetan, urtarriletik aurrera eragileekin bilduko garela aurreratu du, eztabaida horri heltzeko eta gure proposamenak osatzeko. Dena den, gaurdanik, egungo markoan ere, egungo eskumenak baliatuta, prekarizazioari mugak jartzeko urratsak eman daitezkeela adierazi du LABeko bozeramaileak; Akordio Interprofesionalaren bitartez edo bestelako politika publikoak egiten, kasu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!