Zangozako Udalak eskatutako txosten batek dio Esako urtegiko eskuineko hegala "ezegonkorra" dela

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 11a, 08:59

Ingeotic enpresak egin du ikerketa. Adituek diote segurtasuna lortzea “zaila” dela, eta egonkortasuna lortu gabe, urtegia betetzea “arduragabekeria” litzatekeela.

Zangozako Udalak Esako urtegiaren eskuineko hegalaren egonkortasunaren eta segurtasunaren ebaluaziorako eskatutako txostenak ohartarazi du, 2020ko urtarrileko azken erregistroaren arabera, hegal hori "ezegonkorra" dela eta "hegal osoa profil guztietan mugitzen dela". Txostenaren arabera, " hegala egonkortuta dagoela eta erregistroak kontrolatuta daudela ziurtatu gabe, ausarkeria litzateke urtegia betetzea".

Hala azaldu zuten atzo, Parlamentuko batzorde batean egindako lan saioan, Tomas Morales EHUko adituak eta Valentin Ibarra azterketa egin duen Ingeotic enpresako adituak. Txostena Lucia Etxegoien Zangozako alkatearekin batera azaldu zuten.

Bere hitzaldian, Etxegoienek Esako urtegiaren eskuineko hegalari buruzko kezka agertu zuen. Udalaren betebeharra "segurtasunagatik eskatzea eta exijitzea" dela adierazi zuen, "jarraibide teknikoak eta naturaren seinaleak alde batera utzi gabe". "Ez gara geldituko guztia berme osoz egiteko ahaleginean", ziurtatu zuen.

Moralesen esanetan, "gizakien ekintzak, urtegiaren betetzea nahiz hustea eta sismikotasuna" mendi hegala ezegonkortzen ari dira, eta gaur egun, 2020ko urtarrileko datuekin, "mendi-hegala egoera aktiboan eta ezegonkorrean dago: mugitzen ari da". Beraz, “ezin da orekan egon”, nabarmendu zuenez.

Ibarrak azaldu zuenez, mendi hegal ezegonkorretan eraikitako presek arrisku handiagoa dute. Kasu honetan, segurtasuna lortzeak "zaila" dirudi, eta presa haustearen ondorioek "hondamendia” eragin dezakete. Adituaren irudiko, “gomendagarria” da auskultazio tresnak instalatzea, mendi mazelak lurrikaren edo uraren aurrean duen portaera jakiteko, eta erantzuteko gaitasun handiagoa izateko. “Egonkortasuna eta hegalaren kontrola lortu gabe urtegia betetzea arduragabekeria litzateke”, erantsi zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!