Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak eta euskara zerbitzua duten Nafarroako tokiko erakundeek gurasoentzako ERA eskola izeneko online eskola jarri dute martxan. Horren bitartez, laguntza eta baliabideak eskaini nahi dizkiete euskara barne duten ereduetan eskolaturiko haurren familiei.
Xede horrekin, zuzeneko hiru online saioko zikloa antolatu dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Iñaki Eizmendi, Nerea Mendizabal eta Julen Linazasoro espezialistak saiatu eginen dira familiek beren seme-alabei hizkuntzak ikastean laguntza ematea sustatzen; hala, hauspoa emanen zaie haien autonomiari eta motibazioari, eta gurasoei, berriz, Interneten dauden euskarazko baliabide teknologikoak ezagutaraziko dizkiete.
Azaroaren 16an, seme-alabei euskara eta beste hizkuntzak ikasteko nola lagundu azalduko du Iñaki Eizmendik. Azaroaren 18an, Nerea Mendizabalek baliabideak eskainiko ditu haurren autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzeko. Azkenik, hilaren 25ean Julen Linazasorok sarean dauden euskarazko baliabideez, Googleko lanabesez eta zibersegurtasunaz jardungo du. Hemen kontsulta daiteke saio bakoitzari buruzko informazio xehea.
Saio guztiak zuzenean eta streaming bitartez emanen dira Era Nafarroaren Youtubeko kanalean, 16:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Aukera izanen da zuzenean galderak egiteko, WhatsApp eta Youtubeko kanalaren txata baliatuz. Saioak doakoa izanen dira, eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
Euskarabideak eta honako Udal, Mankomunitate eta Batzar Nagusietako euskara zerbitzuek antolatu dute ekimena: Agoitz, Antsoain, Aranguren, Artzibar, Auritz, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galar Zendea, Oltza Zendea, Erro, Esteribar, Etxauri, Lizarra, Uharte, Lizoain-Arriasgoiti, Luzaide, Orkoien, Iruña, Gares, Tafalla, Atarrabia, Zizur Nagusia, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Irantzu, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakana, Izarbeibar, Aezkoa, Erronkari, Zaraitzu.
Hizlariak
Iñaki Eizmendik, gizarte-hezitzaile eta Ebete Hizkuntz Zerbitzuen sortzaileak, estrategiak eta lanabesak jorratu eta eskaintzen ditu, bai haur eta nerabeek duten euskararen erabilera- eta gaitasun-mailan, bai euskararen aurrean agertzen duten jarreran eragiteko.
Nerea Mendizabalek Komunikazio Ez Bortitzaren alorreko hezitzaile dihardu, Center for NonViolent Communication zentroaren ziurtagiriaz. Psikopedagogian lizentziatua, Gizarte Hezkuntzan diplomatua Deustuko Unibertsitatean, Haurrentzako Masajean espezializaturiko Hezitzailea, eta familia/hezitzaileen eta haur/gazteen arteko harremanetan aditua.
Julen Linazasorok gailu digitalak erabiltzeko modua irakasten du establezimenduetan, enpresetan eta eskoletan, 2010etik. Haur eta nerabeekin 10 urte lanean eman ondoren, eta esparru digitalean adingabekoek dituzten arriskubideez jabeturik, sare sozialak eta online jokoak senez erabiltzeari buruzko hitzaldiak ematen ditu.