Aurrekontuen akordioa ixteko aurrerapausoak espero ditu aste honetan EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 9a, 17:33

Elma Saiz kontseilariak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan aurkeztu du gaur  aurreproiektua. ELA eta LAB sindikatuek ez dute begi onez hartu.

Parlamentura iritsi da 2021eko aurrekontuen aurreroiektua; baina eztabaidak aste ugari daramatza bertan. Maria Txibiteren gobernuak Navarra Suma eta EH bildurekin negoziatzen aritu ostean, koalizio abertzalearekin egin ditu akordiorako urrats nagusiak. 

Aurrekontu proiektua ez da EH Bildurentzat egokiena, baina proiektuaren ardatz batzuk haren proposamenetara gerturatzen dira, eta koalizio abertzaleak akordiorako borondatea ikusten du gobernuaren partetik. Horregatik, aste honetan bertan aurrerapausoak edo albiste berriak egotea espero duela esan du Bakartxo Ruiz eledunak.

Gobernua sostengatzen duten alderdiek ere espero dute negoziaketak ahalik eta azkarren iristea amaierara, PSNko Ramon Alzorriz eta Geroa Baiko Maria Solanaren iritziz, aurtengo aurrekontuen garrantzi berezia baitute.

Argudiorik gabe jarraitzen du Navarra Sumaka. Bereari heltzen dio, betoaren proposamenarekin tematuta. Hala erakutsi du beste behin Javier Esparza eledunak.

I-Ek, ontzat jotzen du aurrekontu proiektuan aurreikusten den gastua, baina ez diru sarrerena. Baina, edonola ere, Marisa de Simon eledunak kontuak babestea aurreikusten du.

Aurrekontu proiektuaren zuzenketa batzordeak abenduan izango dira, eta urtea bukatu baino lehen onartuta nahi ditu Maria Txibiteren gobernuak.

Sindikatu abertzaleek kritikatu egin dute aurrekontu aurreproiektua

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua aurkeztu dio  Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari. ELA sindikatuak bileraren ostean adierazi duenez, Gobernuak egindako Aurrekontuen proiektua "ez da nahikoa behar sozialei erantzuteko". Iritzi berekoa da LAB sindikatua: Foru Gobernuak aurkeztutako proiektuan "eredu ekonomiko eta sozial bat sakontzen eta sendotzen jarraitzeko erabakia" ikusten du, "frogatu den bezala, Nafarroako gehiengo sozialari osasuna, lana eta bizitza duina bermatuko dioten etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasunik ez duena".

ELA sindikatuak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak 296,7 milioi euroko gastua aurreikusten du 2021ean, 2020an onartutako aurrekontuarekin alderatuta; gastuaren bilakaerari dagokionez, kontuan hartu behar da krisi ekonomiko eta sanitarioak 2020ko aurrekontua murriztu duela, horrela, azkenean egiten den benetako gastua Gobernuak 2021erako aurrekontuan ezarritakoa baino handiagoa izan daiteke".

ELAk adierazi duenez, "egoera honen ondorioz, aurrekontuaren azterketa galdera baten gainean egin behar da: Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontua nahikoa al da gizarte eta osasun premiei aurre egiteko? Erantzuna argia da, ez ".

LABek "gauzen logika aldatzeko eta arlo publikoa, gure lanpostuak eta gure bizitzak erdigunean jartzeko" aurrekontuak behar direla adierazi du. LABen ustez, "non eta nola inbertitu behar dugun erabaki aurretik, funtsezkoa da argi izatea eta erabakitzea nondik eta nola lortuko ditugun diru-sarrerak, behar dugun dirua". Hala ere, "Beste behin ere, Nafarroako Gobernua aurrekontua teilatutik eraikitzen hasi da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!