Sare Herritarrak Izan Bidea dinamikaren baitan hainbat abeslari ezagunekin osatu duen abestia eta bideoklipa aurkeztu zuen atzo, eta azaroaren 20, 21, 22ko asteburuan antolatu dituzten mobilizazioen berri eman du.
Bidea gara, bidean gaude lelopean, tokian-tokian mobilizazioak antolatu dituzte. Askotariko ekimenak izango dira: ibilbideak, mobilizazioak, ekimenak, mosaikoak... Guztiak helburu berarekin: herritarren aktibazioa piztea preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko.
"Hala, dei egiten diegu, elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera. Herriz herri, auzoz auzo, bidea gara eta bidean gaude", adierazi zuen Bego Atxa Sareko kideak.
"Argi genuen gurea bezalako dinamika batek behar zuela doinurik, behar zuela soinu bandarik, preso eta iheslarien etxeratzearen alde indarrak batu eta herritarrak bidearen parte egiten laguntzeko", azaldu du Mikel Mundiñanok "Ibiltarien doinua" abestiaren aurkezpenean.
Nafar abeslariak
Ion de Luis Iruñeako musikari eta ekoizleak egindako kantuari Amets Arzallusek jarri dio hitza eta hamar abeslari ezagunek, ahotsa. Horietako bost nafarrak dira: Maider Ansa, Idoia Tapia, Lorena Aisa, Claudia Rodriguez eta Brigi Duque.
Letran, kontzeptu bezala “bidea” hitzak hartu du indarra "azken batean gure dinamikaren oinarrian bidearen parte izatera gonbidatzen dugulako eta “bidea” kontzeptu gisa dugulako gure leloan". Musikari dagokionez, doinu bizia eta dantzagarria da, errepika indartsu eta sarkor batekin.