Hezkuntzan hizkuntz arrakala gainditzeko baliabideak eskatu ditu euskalgintzak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 3a, 14:42

Arduraz jokatzeko unea eta euskara erdigunean kokatzeko garaia dela aldarrikatzeko agiria sinatu dute Ikama, Kontseilua, Ikastolen elkartea, Sortzen, ELA, LAB eta Steilas eragileek.

Covid-19ak sortutako krisiak "bete betean eragin dio euskarari" Ikama, Kontseilua, Ikastolen elkartea, Sortzen, ELA, LAB eta Steilas eragileek salatu dutenez. Hizkuntzaren normalizazioan atzeman dute gehien bat: "Pandemiaren ondorioz bizitako itxialdiak euskararen ezagutzari ekarri dizkion kalteak ikaragarriak dira". 

Eragileek gogoratu dute egungo ikasturtea hasi aurretik ohartarazi zutela "euskara edigunera" ekartzearen beharraz. "Pandemiaren aurretik ere, gure kezka iturri nagusietako bat ikasleen euskara gaitasunean eta euskararen erabileran jarrita genuen", zehaztu dute. Hizkuntz arrakala areagotu dela salatu dute, eta gainditzeko, Kontseiluak aurkeztutako Geroa Euskaratik dokumentua ardatz, neurri zehatzak proposatu dituzte: 

  • Hizkuntza errefortzuak indartzea: “Euskaraz mintza” programa ikastetxe guztietan.
  • Ikasle ratioak jaitsi eta egokitzea: hizkuntza aniztasunari hobeto erantzuteko.
  • Ahozkotasuna lantzeko errefortzuak jartzea.
  • Ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak abian jartzea.
  • Konpetentzien ebaluazioa egitea ikasturte hasieran, neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko.
  • Ikasleei hizkuntza beharrei erantzuteko baliabide pertsonal eta materialak handitzea. Behar bereziak dituzten ikasleen eskubideak ere urratzen ari dira, eta guztiok dugu eskubide bera, guztiok gara pertsonak.
  • Hezkuntza formaletik haratago, euskarazko eskolaz kanpoko jardueren eta aisialdiaren eskaintza hurbila eta anitza bermatzeko neurri zehatzak.
  • Aurreko neurriak barne bilduko dituen murgiltze-eredua ezartzea ezinbestekoa deritzogu: ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko hizkuntza proiektuaren bidez.
  • Nafarroako ikaskuntzako beste arloetan: arteen, hizkuntzen, kirolen eta helduen irakaskuntzan ere euskarazko eskaintza bermatzea eskatzen dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!