Afrotopia terminoak Afrikari begiratzeko beste modu proposatzen du: Afrikarrek Mendebaldeko ispiluan begiratzeari uzteko, eta euren etorkizuna eraikitzeko. Felwin Sarr musikari eta idazle senegaldarrak proposatu zuen hitza, 2016an, eta orain Hector Mediavilla argazkilariak berreskuratu du, Senegal, Niger eta Malin egindako argazkilaritza tailerretatik abiatuta osatutako erakusketarako.
2017an, aste bat igaro zuen hiru herrialde horietako bakoitzean, 35 argazkilari gazterekin lanean, beren begirada propioa garatzen laguntzen.
Tailer horretan landutakoaren lagin bat Ziudadelako mistoen aretoan ikus daiteke. Afrika Behar Beharrezkoa gobernuz kanpoko erakundeen partzuergoak antolatu du erakusketa, haren 20garren urteurrenean, eta heldu den urteko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.
Aurkezpenean, Hector Mediavilla komisarioak Afrikaren pentsamendua deskolonizatzearen garrantzia nabarmendu du: afrikarrek beren bidea egin dezaten, globalizazioa ukatu gabe, baina beren historiaren eta aberastasunen balioa nabarmenduta.
Horretarako balio dute, hain zuzen, Ziudadelan aurkeztu dutenaren antzeko proiektuak: beraiek erretratatu eta kontatu dezaten euren errealitatea. Funtsean, hitza berreskuratu dezaten.
Tailerretan, pertsona bakoitzak argazki-proiektu bat aukeratu zuen, hiru astetan garatu ahal izango zuena, afrikarrek beraiek zer etorkizun nahi duten erabakitzeko hausnarketarako espazio irekiak sortzeko ideiarekin bat etorriz, "sustraien balioa eta aberastasun soziokultural aparta ukatu gabe".
Bigarren tailerra Niameyn egin zen. Nigerren, Senegalen ez bezala, ez dago argazkigintzako edo zinemako eskolarik, ezta ikus-komunikazioko eskolarik ere; beraz, askoz zailagoa da horrelako lanbideak garatzen ikastea. Hautatutako hamalau pertsonetatik hiru emakumeak ziren, eta erakusketako komisarioarentzat arrakasta handia izan zuen argazkilariak ia existitzen ez diren herrialde batean.
Bisita gidatua komisarioarekin
58 argazkiak egin diren herrialdearen arabera banatuta daude, eta ingurumenaz eta jasangarritasunaz, emakumeen eginkizunez, gazteen amets eta asmoez edota tradizioaz hitz egiten dute. Gainera, lanak egin dituzten argazkilari guztien biografiak irakurgai daude, bakoitzaren argazki batekin batera, lanen atzean nor dagoen jakiteko. Erakusketa asteartetik ostiralera bisitatu ahal izango da, arratsaldez; larunbatetan goiz eta arratsaldez, eta igande eta jaiegunetan goizez. Edukiera kontrolatuta egongo da.
Bihar (asteartea) arratsaldean, 19:30ean, erakusketaren komisarioak bisita gidatua egingo du. Mediavillak Colors, Geo, New York Times, El País, Time, Esquire, Gatopardo eta XXI bezalako hedabideetan argitaratu du, eta mundu osoan zehar jarriditu erakusketak. Argazkigintzari buruzko hausnarketa-tailerretan eta ikerketa dekolonialetan parte hartu du.