Pedro Iturralde saxofoi jotzaile, klarinete jotzaile eta musikagile nafarra hil zen atzo, 91 urte zituela. 1929an Faltzesen sortua, jazzaren izen handi bat izan da, eta saxofoi jotzaile nafarren hurrengo belaunaldietan islatu den ondare handi bat utzi du.
Gaztetan hasi zen jazz musikan, eta Europan zenbait taldetan aritu ondoren, jazz flamenkoa izeneko estiloan hasi zen, eta jazz mota desberdinak landu zituen. Horretarako, Pedro Iturralde Quartet taldea sortu zuen eta laukotearekin munduko jazz jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu zuen. Bakarlari gisa, bestalde, Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Asturiaseko Orkestrarekin, eta RTVEko Orkestar Sinfonikoarekin aritu zen, besteak beste.
Espainiako zinemarako musika ere idatzi zuen, esaterako Ramón Comasen Nuevas Amistades, edota Gabriel Blancoren La Edad de Piedra eta Cualquier mañana filmetarako.
Bere bizitzan zehar lan pedagogikoak jazzaren interpretazioarekin tartekatu zituen. Madrilgo Kontserbatorioko irakaslea izan zen, eta han saxofoia irakatsi zuen 1978tik 1994an erretiroa hartu zuen arte. Beste unibertsitate eta irakaskuntza zentro batzuetan ere eskaini zituen ikastaroak eta mintegiak, betiere konposizioa, grabazioak eta zuzeneko emanaldiak alboratu gabe.
Saritua
Estatuko jazzaren figura handienetakotzat hartzen da, eta bere ibilbidean, beste sari batzuen artean, Vianako Kulturaren Printzea saria jaso zuen 2007an, eta Francisco de Javier saria 2018an.