Pobreziaren aurkako sareak krisiaren ondorioak arintzeko neurriak bildu ditu txosten batean

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 28a, 11:20

Pobreziaren aurkako sareko kideak, beste txosten bat aurkezten, artxiboko irudi batean. (Pobreziaren aurkako sarea)

Nafaroako pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako sareak txosten bat osatu du gizarte eta ekonomia krisiaren ondorioak arintzeko neurri zehatzekin. Krisi sozialaren beharren detekzioa du izena, eta Alberto Urteaga sareko lehendakariak eta Lydia Almirantearena batzorde iraunkorreko partaideak txostena aurkeztu dute gaur goizan.

Duela gutxi The Lancet aldizkari zienifikoak sindemia kontzeptua berreskuratu zuen, covid-19ak eragindako gaixotasunaren bilakaera adierazteko. Gaixotasun jakin batzuen hedapenean elementu biologiko eta sozialen arteko elkarreraginari dagokio termino hori. Pobreziaren aurkako sareak ideia hori berreskuratu du gogorarazteko “covid-19aren hedapenean elementu biologikoek ez ezik, gizarte faktoreek ere parte hartzen dutela”, eta horietako bat gizartean errotutako berdintasun eza dela. Egungo egoerak gizarte bazterketako egoeran diren pertsonak gogor jotzen dituenez, “premiazkotzat” jo dute desberditasunak konpontzea.

“Sindemia” hasi eta sei hilabete igaro ondoren, sareak txosten bat aurkeztu. Txostenean proposamen orokorren atal bat eta hezkuntza, prestakuntza eta enplegua, etxebizitza eta osasuna bezalako esparruetarako proposamen espezifikoen beste atal bat aurkeztu dute. Covid-19ak pobrezia eta bazterketa egoeran dauden pertsonengan duen eragina geldiarazteko baliagarriak diren proposamenak bildu dituzte. 

Gizarte bazterkeriaren arazoaren “dimentsio aniztasuna” ulertzearen garrantzia azpimarratu dute: “Administrazio publiko osoak erantzun integrala emateko oinarriak finkatzeko unea da, eta sail bakoitzak, bere arloaren arabera, gizarte-desberdintasunaren aurkako borrokan dituen berariazko erantzukizunei heltzeko unea da”.

Nafarroako Gobernuari “konpromiso ausarta” hartzeko eskatu diote, krisialdi sozialari buelta emateko behar diren ekintza eta neurriak martxan jartzeko.

Txostenean jaso dituzten atalak:

  • Eten digitala

Arreta telematikoak gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonentzako laguntzak edo eskaerak eskuratzeko aukera mugatu ditu, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek ez dutelako, ez tresna egokietara sarbidea, ezta gaitasun digitalik ere.

  • Hezkuntza

Krisiarekin absentismoak gora egin du, eta arazoei aurre egiteko tresnak falta dira. Gainera, haur eta gazteen egora emozionalaren diagnostikoa eta tresna egokiak falta direla diote. Halaber, beharrezkoa ikusten dute gazteentzako ibilbide pertsonalizatuak eta hezkuntza jasotzeko aukerak bermatzea.  

  • Emplegua

Enplegua izanik arazo larrienetakoa, sortzen ari den Enplegu Planerako proposamenak egin dituzte:

gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak eta integralak egiten direla bermatzea; gizarte laguntzako prozesuak indartzea: prestakuntza eta enplegu eredu mistoak garatzea; eta etxeko langileen babesa zabaltzea.

  • Osasuna

Batetik, maskara pertsona guztientzat bermatuta izatea eskatu dute; bestetik, osasun unibertsal bermatua izateko aukera bermatzea; eta, halaber, soziosanitarioa eta osasun mentalarena indartzea.

  • Etxebizitza

Etxebizitzari lotutako arazoak aurretik datozela nabarmendu dute. Hori zuzentzeko eskatu dituzte neurrien artean daude alokairurako etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea, edota ahulenentzat berariazko baliabideak finkatzea.

  • Espetxeko egoera

Salatu dute espetxeetan daudenek egun bete behar dituzten baldintza gogorrekin, azken hilabeteetan ezin izan dutela kanpoaldearekin komunikaziorik izan. Premiazkotzat jo dute espetxe osasunaren arloan Nafarroari eskumenak eskualdatzea eta osasuna babesteko elementuak bermatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!