Esku hartze sozialerako hitzarmen duina defendatzeko deia egin du Ernaik

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 09:38

Ernaiko eta LABeko Nafarroako koordinatzaileak, beste mobilizazio baten aurkezpenean.

Gazte antolakundeak babestu du LAB sindikatuak larunbaterako antolatu duen manifestazioa. 12:00etan abiatuko da, autobus geltoki zaharretik. 

Ernai gazte antolakundeak ohar batean azpimarratu du gazte izateak lan munduan prekarietatea dakarrela berekin: “Esperientzia eskatzen digute, ikasketak eskatzen dizkigute, lana bikakin egitea eskaten digute, eta gainera sumiso izatea eskatzen digute, ez kexatzea, gure baldintzen inguruan ez galdetu eta hauen alde ez borrokatzea”.

“Zer gazte ez da taberna batean, haurrak zaintzen, klaseak ematen, udan denda batean, kalea garbitzen, behin-behineko laneko enpresa batean edo jantoki batean ibili? Hau da gazteok ikasketak bukatu arte edo lan duin bat topatu arte bizi duguna: prekaerietatea; opor egun gabeko jardunaldiak, ordu extrak, dagokigun hitzarmena zein den ez jakitea, egun batetik besterako ordutegi aldaketak…”. 

Prekarietatea zer den ongi jakinda, oraingoan, esku hartze sozialeko sektorean bizi duten egoera salatzera atera dira; besteak beste, oinarrizko zerbitzu sozial publiko pribatizatua delako, nerabe eta gazteenganako arreta zerbitzuaz arduratzen delako, eta langileen artean gazte asko daudelako. Askorentzat, gainera, ikasketen osteko lehen lana izaten dela diote, eta “harrera eta formakuntza egokirik izan gabe” hasi behar dutela lanean. 

Sektorean 2010etik soldata igoerarik gabe daudela salatu dute, langileei trebakuntza handia eta ikasketa titulu ugari eskatzen dizkieten bitartean; antzinatasunik eta beste osagarririk ez dutela kobratzen, eta kontratuak behin-behinekoak izan ohi direla. 

Horri guztiari “aurre egin” eta “aski dela” esateko, hitzarmen kolektibo duin baten aldeko negoziazioak hasi zituzten 2019ean, baina, salatzen dutenez, ANEIS patronalak ez du eskaera onartu nahi. 

“Guk argi dugu: langileon eskubideak errespetatu behar dira, eta aitzakiek ez dute balio. Gizarte lanak lehentasunezkoak dira, eta ezin dira diru iturri bezala erabili”, adierazi du Ernaik. “Helburuak eta baldintza onak borrokaren ondorio dira eta guk ere zer esana dugu honetan: ez dugu onartzen unibertsitatetik edo goi ziklotik prekarietatera igarotzea inposatzea”.

Horregatik, larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Ernaik. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, autobus geltoki zaharetik. Halaber, urriaren 29an lanuzteak egingo dituzte, eta baita mobilizazioak ere: goizeko 11:00etan Eskubide sozialen departamentutik, eta arratsaldeko 18:00etan, berriz, San Frantzisko plazatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!