Euskal presoen auziaren konponbidearen aldeko mobilizazioak egingo ditu Sarek azaroaren 21ean

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 12:45

Sareko kideak, pankarta bat jartzen Espainiako Txirrindularitza Itzuliaren ibilbidean.

Larunbatean Donostian euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko egingo duten ekimenean Nafarroako herritarrek parte hartzerik izango ez dutenez, Sare plataformak dei egin du Nafarroako auzo eta herrietan aldarrikapenak zabaltzera, eta azaroaren 21erako antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera.

Larunbatean, Sare herritarrak deituta, manifestazioa egitekoa zen Donostian, baina osasun krisiaren bilakaerak bertan behera uztera eraman ondoren, 600 pertsonarekin mosaiko bat osatuko dutela iragarri zuten. 

Neurri murriztaile berrien ondorioz, ordea, nafarrek ezin izango dute ekitaldi horretan parte hartu; baina herrialdean zehar mobilizatzen jarraitzeko deia egin du Sare herritarrak, euskal preso eta iheslarien egoera nazioartera zabaldu eta konponbidea eskatzeko. “Garrasi” egiteko, Mikel Mundiñano Sareren Nafarroako bozeramailearen hitzetan: “Euskal Herritik mundura egingo dugun garrasi bat. Konponbide garaia dela ozen esateko, ETAk bere jarduera utzi zuela 10 urte bete direnean eta bere amaieratik 2 urte pasa direnean euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika amaitu behar dela exijitzeko eta euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesuan, urratsak beharrezkoak direla aldarrikatzeko”. 

Hala, datorren hitzordua azaroaren 21ean kokatu dute: mobilizazio egun naizonala antolatuko dute, herriz herri eta auzoz auzo gauzatuko dutena. Egun horrtan, “korapiloak askatzeko unea dela” aldarrikatuko dute. “endekuzko espetxe politikaren bukaera eskatzeko eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte garela erakusteko. Korapiloak askatzeko garaiak dira, konponbide garaia behar du herri honek; bakea eta elkarbizitza ahalbidetuko dituen preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna”.

Azkenik, Sarek ohartarazi du, nafarrak Donostiako protestara mugitzea galarazten duten neurri horiek, urrunketa politikarekin batera, espetxean daudenen eta haien senideen eskubideak urraketa areagotuko dutela. 222 euskal presoetatik, euskal herriko espetxeetan 11 bakarrik daudela gogorarazi du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!