Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ filmak irabazi du Genovako Nazioarteko Zinema Mostraren Urrezko Usoa

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 20a, 09:55
Oskar Alegria zinemagilea, Euskalerria Irratian.

Massimo Bacigalupo epaimahaiko zuzendariaren hizetan, Zumiriki "saiakera eta poesiaren arteko memoriaren barne bidaia ederra bezain sakona da".

Oskar Alegria zinemagile iruindarraren bigarren film luzeak, Zumiriki-k Muybridgeko Golden Pigeon Saria irabazi zuen igandean ospatu zen Genovako Nazioarteko Zinema Mostran. Filma 60 parte hartzaileen artean gailendu zen.

Massimo Bacigalupo epaimahaiko zuzendariak itxiera ekitaldian adierazi zuenez, Zumiriki "saiakera eta poesiaren arteko memoriaren barne bidaia ederra bezain sakona da". Zinemaldi hori urriaren 10etik 18ra izan zen Liguria hiriburuan eta Oskar Alegria bertan izan zen saria jasotzeko.

Egun berean, Zumirikik beste sari handi bat irabazi zuen Portugalen, Family Film Project jaialdiaren bederatzigarren edizioan, Oporton. Narratiba zinematografiko berriei eskainitako lehiaketa bat da hori, familia ardatz hartuta.

Bidaia iniziatikoa

Zumiriki Veneziako Mostran estreinatu zuen Alegriak 2019an, zehazki Orizzonti sailean. Alegria bera epaimahaikide aritu zen Mostran.

Haurtzaroa, natura, memoria, urpean itota gelditzen diren tokiak, haurtzaroa, euskara... horiek guztiak eta gehiago dira Alegriaren lanaren mintzagaiak. 

Filma osatzeko, zinemagileak lau hilabeteko egonaldia egin zuen Arga ibaiko txoko batean, Artazu herriaren parean (Nafarroa), haurtzaroan bere paradisu izandako Gorrizako zumirikia zenaren ondoan. Naturan murgildu zen, paisaiaren eta memoriaren bitartez haurtzarora itzultzeko. Emaitza lan sakona da.

Filmak nazioarteko bederatzi sari lortu ditu dagoeneko bere ibilbideko lehen urtean, horien artean, ez fikziozko Olatu berriak saria, 2019ko Europako zinema jaialdian, Sevillan, eta, oraintsuago, Publikoaren Saria, 2020ko Alcances dokumental jaialdian.

Alegria ez ezik, Iratxe Fresneda bilbotarra eta Paul Urkijo gasteiztarra ere saritu dituzte zinema jaialdietan. Zehazki, Fresnedaren Lurralde Hotzak lanak Genovako Nazioarteko Zinema Mostraren dokumentalen saileko aipamen berezia jaso du. Urijoren Dar-dar lanak, berriz, Sitgesko zinema jaialdiko film labur onenaren saria jaso du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!