Lantegiak Nafarroatik atera nahi dituzten enpresak diru laguntzak itzultzera legez behartzeko eskatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 15a, 11:12
ELAren gaurko agerraldia.

ELA sindikatuak enpresen deslokalizazioaren aurkako Foru Legearentzako proposamenak erregistratu ditu parlamentuan. Itxierak errazten dituen lan erreforma bertan behera uztea, Nafarroan negoziazio kolektiboa bermatzea ere proposatu du.

ELAk laster eztabaidatuko den deslokalizazioaren aurkako Foru Legea osatzeko proposamenak aurkeztu ditu Nafarroako Parlamentuan. Proposamen horiek Parlamentuko talde guztiei eman dizkie.

Sindikatuak gogorarazi duen moduan, azken urteotan, enpresa askok erabaki dute beren Nafarroako lantokiak ixtea, ekoizpena bertze herrialde batzuetara eramateko. Gehienetan, enpresa bideragarriak dira, baina are diru gehiago irabazi nahian kanpora joan dira eskulan merkeagoaren bila (Faurecia, Gamesa, CAF…). 

“Enpresa horien jokabideak ondorio oso larriak eragiten ditu Nafarroako industria-sarean, enplegua suntsitzen duelako, eta lan-baldintzak okertzen dituelako, balizko deslokalizazio baten mehatxupean”, salatu du ELAk.

ELAk proposatzen dituen eta Nafarroako Parlamentuan erregistratutako txostenean zehazten diren neurrien artean, honako hauek daude:

  • Lan-erreformak indargabetzea, lantoki errentagarriak deslokalizatzea eragoztea eta jasotako diru-laguntzak itzuli beharra.
  • Nafarroako lantokietan ERTE eta ERE-en negoziazio kolektiboa ahalbidetzea, bertako ordezkaritza maila errespetatuz (eta ez Estatukoekin).
  • Banka publiko bat sortzea.
  • Nafarroako Gobernuak jarduera-protokolo bat egitea krisian dauden eta belaunaldi-erreleboko edo deslokalizazioko prozesuetan sartuta dauden enpresentzat.

ELAren proposamen orokorraren lau adibide baino ez dira horiek. Horiekin batera, ezinbestekotzat jotzen du “industria-politika berritzaile bat bultzatzea, gizarte-premiei, genero-berdintasunari eta ingurumen-iraunkortasunari erantzungo dien industria-eredu baterantz igarotzeko”. 

Gainera, “ezinbestekotzat” jotzen du I+G+b-ri lotutako sektore estrategiko berriak bilatzea, kalitatezko eta balio erantsiko enplegua ahalbidetzeko. “Horretarako, sektore estrategikoen esku-hartze publikoa eta enpresen deslokalizazioari aurre egiteko industria-politika hori bultza dezakeen banku publiko bat sortu behar da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!