Irunberriko Udalak 56.000 euro inbertitu ditu Artzapezpikutzak immatrikulatutako eliza batean

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 14a, 08:42

Irunberriko elizaren atrioa.

Artzapezpikutzak bi ermitarekin batera immatrikulatu zuen Irunberriko eliza, 2000an eta 2003an. EH Bilduk gune horien udal titulartasuna berreskuratzeko tramiteak hastea proposatu du, baina alkatetza duen Agrupación Independiente de Lumbier taldeak uko egin dio.

Irunberriko EH Bilduk jakitera eman du 2000. urtean Artzapezpikutzak herri horretako San Bartolome eta Trinitatearen ermitak eta 2003an herriko eliza immatrikulatu zituela. “Udalak une hartan zuen pasibotasuna ikusita, Irunberriko bizilagunek historikoki eurenak izan ziren ondasun batzuk galdu zituzten”, salatu du taldeak ohar batean.

EH Bilduk dioenez, Irunberriko Udalak ez du "inolako izapiderik egin" immatrikulazio horiek itzultzeko. Are gehiago, 2020. urtean, gobernu taldeak gutxienez 56.083,77 euroko inbertsioa egitea sustatu du elizaren sarrera eta atrioa eraberritzeko. Inbertsio horrek "herritarrenak ez diren" elizaren ate, arku eta sarbideetan jardutea ekarri du.

2020ko aurrekontuak onartu zirenetik, EH Bilduk hainbat aldiz eskatu dio gobernu taldeari (Agrupación Independiente de Lumbier taldea) obra hori ez egiteko eta herritar guztien dirurik ez inbertitzeko immatrikulatutako gune batean. Hala ere, salatu dutenez, gobernu taldeak ez ditu aintzat hartu eskaera horiek, eta obra dagoeneko eginda dago.

Mozioa, baztertua

Irailean, EH Bildu Irunberrik udal ondarea defendatzeko mozio bat aurkeztu zuen. Mozio horretan, Jasokundeko Elizaren eta San Bartolome eta Trinitatearen ermiten udal titulartasuna aitortzeko eta berreskuratzeko beharrezko izapideak hastea proposatzen zen.

Era berean, eskatzen zuen udalak eremu horiek birgaitzeko emandako laguntza orok baldintza bat izatea: Artzapezpikutzaren titulartasuna Irunberriko Udalari itzultzea. “Horrela, ondasun horiek birgaitzeko edo eraberritzeko diru publikoa erabili ahal izateko, udal ondarera itzuli beharko lirateke”, azaldu dute. Horrez gain, Irunberriko Udala Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformari atxikitzea proposatzen zuen.

Mozioa urriaren 8ko ohiko osoko bilkuran bozkatu zuten, eta Agrupación Independiente de Lumbier taldearen aurkako 5 botoekin baztertu zen. 

EH Bildu Irunberrik elizaren eta aipatutako bi ermiten immatrikulazioa itzultzeko tramiteak hastearen alde egin du, udal ondarearen parte izan daitezen berriz ere, “inoiz ez baitzuten ondare horretatik atera behar”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!