Haurrek ez dute eskolara joan behar bizikideak PCR baten zain badaude

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 9a, 08:58

Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.735 ikasle daude konfinatuta, izena eman dutenen %2,8

12 urtetik beherako haurrek ez dute ikastetxera joan behar, haiekin bizi diren pertsonetako bat PCR baten edo covid-19aren beste proba diagnostiko molekular baten zain badago. Hezkuntza Departamentuak jarraibide berri hori sartu du ikasleak eskolara joan behar ez izateko arrazoiak ezartzen dituen protokoloan.

Beste hirurak honako hauek dira: adingabea PCR baten edo diagnostiko molekularreko beste proba baten emaitzaren zain baldin badago, PCR positiboaren bidez diagnostikatutako koronabirus-infekzio bat izateagatik isolamenduan baldin badago edo berrogeialdian dagoen baieztatutako kasu baten kontaktu estua bada.

Aztertzen ari diren arren, Nafarroako Gobernuak Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolen konfinamendua aplikatzen jarraitzen du kasu positibo bat gertatzen denean. Hain zuzen ere, atzo jakinarazi zuten aurreko egunean zazpi ikasgelatako 153 ikasle isolatu zituztela euren etxeetan. Gauzak horrela, gaur egun 1.735 ikasle daude konfinatuta, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien %2,8. Berrogeialdian dauden taldeak 82 dira 53 ikastetxetan, eta bi zikloetako talde guztien %2,35 dira. Bestalde, 127 ikaslek presentziazko hezkuntza jaso dute.

Zehazki, gela konfinatu berriak honako hauek dira: Iruñeko Cardenal Ilundain ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 25 ikasle; Altsasuko Zelandi ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 27 ikasle; Altsasuko Iñigo Aritza ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako 25 ikasle; Burlatako LHIko Sukaldaritza eta Gastronomia erdi mailako 24 ikasle; Tuterako Anunciata ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako 20 ikasle; Tuterako Haur Hezkuntzako 2. mailako 17 ikasle, eta Calasanzko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 25 ikasle. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!