Nafarroako Antzerki Eskolak hamabost antzezlan eskainiko ditu otsaila bitarte

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 8a, 10:13
'Question' antzezlanaren irudi bat.

Urritik otsailera bitarteko programazioan, Nafarroako Antzerki Eskolak arte eszenikoko lan gaurkotuenetan jarriko du arreta, alturako hamabost antzezlanekin.

Nafarroako Antzerki Eskolak otsailera arte eskainiko duen programazioa aurkeztu du: hamasei antzezlan izango dira, helduentzat zein familientzat, askotariko gaiak jorratuko dituztenak eta kalitate handikoak. 

Joan den astean ireki zuten programazioa, haurrentzako testuen lehiaketa irabazi zuen Ilargiaren Atzean lanarekin, eta izandako arrakasta ikusita, berriro eskaintzeko asmoa dute.

Asteburu honetan, aldiz, Madam Señoritaren Question lana ekarriko dute, hiru saiotan. Umorearen bidez, emakume batek bere buruarekin dituen gatazkak irudikatzen ditu. Lan fresko eta originala da.

Otsailaren 6ra arte ikusi ahal izango direnen lanen artean daude, bai eskolak berak egiten dituenak, bai antzoki alternatiboen sarekoak, eta baita Pyrenart sarekoak ere. Oholtza gainera igoko diren konpainiak dira Malaspulgas, Madame Señora, Oligor y Microscopia, Macarena Recuerda Shepherd, La Caja Flotante, Lilura, Madame Señorita, UPLIFTeatro, Hecho en Casa, La Negra, Javier Aranda, Los Prometidos, La Cuerda, Théatre Des Chimères eta Nafarroako Antzerki Eskola bera. 

Javier Perez programazio arduradunak azaldu duenez, ikuskizun guztiak “oso kalitate handikoak dira, une honetan arte eszenikoetan egiten ari denaren lagin zabala erakusten dute, eta askotariko publikoari zuzenduta daude”. 

Edukierak %50ean egongo dira, eta horri lotuta, Perezek ziurtatu du egungo baldintzak beraientzat ez direla bereziki kaltegarriak, lehen ere obrak egun bat baino gehiago ekartzearen aldeko apustua egiten zutelako, eta bide horretatik jarraitu dute.

Sarrerak emanaldiak hasi baino lehen erosi ahal izango dira, edo aurretik, eskolako leihatiletan nahiz webgunean (www.laescueladeteatro.com). Tokiak obrak hasi aurretik esleituko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!