Casas eta Aretxabala: “Esako urtegiaren segurtasuna ezin da bermatu”

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 7a, 19:00

Uraren Kultura Berria Fundazioak Esari buruzko azken txosten ofizialen azterketa egin du, eta ondorioztatu du urtegiaren eskuineko hegalak “ezegonkorra” izaten jarraitzen duela, segurtasuna ez dagoela bermatuta eta ondorioak “katastrofikoak” izan daitezkeela.

Antonio Casas eta Antonio Aretxabala geologoek azaldu dutenez, "Esako urtegiaren eskuineko hegala ez da egonkorra, eta 2013tik ez du inoiz lortu egonkortzat jo daitekeen egoerarik". Izan ere, mugimenduak etengabe gertatzen ari dira, hilean 2 eta 4 milimetro artean. Hori kontuan hartuta, presaren handitzeak eta betetzeak milaka pertsonen bizitza arriskuan jarriko dutela ohartarazi dute: “Informeak konfirmatu du ezjakintasuna dagoela, mugimendua dagoela, eta gaia dela ea onartzen den edo ez arrisku hori, eta haren ondorioak, katastrofikoak direla. Arriskua onargarria izateko asko egin beharko luke behera”.

Urtegietan kontuan hartzen den segurtasun-faktoreak 1etik gorakoa izan behar du beti. Baina Esan, hegala etengabe mugitzen ari denez, ezinezkoa da 1etik igotzea. Horrek esan nahi duena da erortzeko eta eusteko auekrak berberak direla, eta urteotako aurrekontuen igoerek ez duela segurtasuna hobetu.

Beraz, adituentzat, obrak gelditu beharko lirateke eta urtegia hustu, magala zergatik mugitzen den ulertzeko eta orduan zer egin erabakitzeko. “Eta ez adabakien politika bat aplikatzen jarraitu, Ebroko Ur Konfederazio egiten duen moduan”, Antonio Casasen hitzetan.

Azkenik, joan den astean izandako lurrikarei dagokienez, azaldu dute ez diotela zuzenean eragin Esari; baina edonola ere, azpimarratu dute Esak ez duela lurrikararik behar mugitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!