ETAren eta Estatuaren biktimen arteko topaketa antolatu du Foro Sozialak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 6a, 14:26

Maria Jauregik eta Naiara Zamarreñok (ETAren atentatu batean hil zitzaizkien gurasoak), Belen Zabalak (Guardia Zibilak hil zuen haren anaia) eta Olatz Etxabek (Triple A-k hil zen haren aita) hartuko dute parte mahai inguruan. Ostegunean izanen da, 18:30ean, parlamentuan.

ETA eta Estatuaren biktimen arteko topaketa eginen du Foro Sozial Iraunkorrak ostegunean. Nafarroako "bizikidetza demokratikoari" buruzko bigarren jardunaldia izanen da.

Maria Jauregik eta Naiara Zamarreñok (ETAren atentatu batean hil zitzaizkien gurasoak), Belen Zabalak (Guardia Zibilak hil zuen haren anaia) eta Olatz Etxabek (Triple A-k hil zen haren aita) izanen dira solasaldian. Aurreko legegintzaldian gobernuko bizikidetza zuzendari izandako Fernando Rey izanen da moderatzailea. 

Foro Sozialak azaldu duenez, "elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan. Aukerak eta zailtasunak" lelopean, "irabazleen eta garaituen logiketan oinarritutako sektore boteretsuen aurrean bizikidetzaren errail nagusia elikatu nahi dute". Foro Sozialak uste du jardunaldi horiek "testuinguru interesgarri batean" egingo direla; izan ere, Nafarroako Gobernuak "helburu garrantzitsu bat ezarri du legegintzaldi honetarako, Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa adosteko prozesu parte-hartzailearekin".

"Planaren arrakasta aktore guztiak izatea da, iritzi eta kontakizun guztiak biltzea. Kontakizunak ez du kanpoan geratu behar. Ildo horretan, talde parlamentarioen mahaian talde guztiak ordezkatuta egotea nahi dugu", nabarmendu du Foro Sozialak.

Ildo horretan, beharrezkotzat jo du "gizarte zibila gai honetan ere eragile izatea, eta horixe da, hain zuzen ere, Iruñean antolatutako bi jardunaldien helburua". Foroak azpimarratu duenez, helburua da "oraindik konpontzeke dauden hiru korapilo handien ebazpenean ekarpenak egitea: biktima guztien eskubideak eta haien arteko diskriminazioak gainditzea; presoen auzia konpontzea espetxe-legeria normalizatu bat aplikatuz; eta memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!