Gripearen aurkako txertaketa kanpaina abiatu da gaur Nafarroan

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 5a, 10:24

Kanpaina honetarako 270.000 dosi dauzka Osasun Departamentuak, joan den urtekoen halako bi baino gehiago.

Gaurtik eta azaroaren 27ra ate gauzatuko da aurten gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Horretarako 270.000 dosi ditu Osasun Departamentuak, 2019an eskuraturikoak (126.000) halako bi baino gehiago. 

Aurtengo berritasunetako bat da Internet eta telefono bidezko aldez aurreko hitzordu-sistema berria ezarri dela, jadanik martxan dagoena. Iruñea eta Iruñerriarako, telefonoa 659 100 300 da; Tuteran, hitzordua 848 434 430era deituz eskatzen da. Bi zenbaki horiek astelehenetik ostiralera bitartean erabil daitezke, 08:00etatik 20:00etara. Foru Erkidegoko gainerako herrietan, bertako osasun-etxera deitu beharra dago hitzordua eskatzeko.  

Gainera, osasun-zentro gehienetan txertoa hartzeko hitzordua har daiteke norberaren osasun-karpetaren bitartez, baita citasalud.navarra.es webgunearen bidez ere. Azken hori hautatzekotan, aski izanen da osasun-txartelaren (CIPNA) zortzi zifrako zenbakia eta jaiotza-data ematea.  

2019/2020ko gripearen aurkako txertaketa-kanpainan 15.576 kasu diagnostikatu ziren Nafarroan (aurreko urtean 15.031 izan ziren), 449 pertsona ospitaleratu ziren, eta 17 hil ziren.  

Konplikazio-arriskua duten taldeen txertaketa

NOPLOIk eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak koordinaturiko kanpaina hau, bereziki, gripearen ondorioz osasunean inpaktu gehien izan dezaketenei zuzentzen zaie, hala nola 60 urtetik gorakoei, haurdunaldiaren edozein unetan dauden emakumeei, eta osasun-arazo kronikoak dituzten helduei eta 6 hilabetetik gorako haurrei. Arazo horien artean daude, besteak beste, bihotzekoak, diabetesa, loditasun morbidoa, giltzurrunetako gaitzak, gibelekoak, neuromuskularrak, immunoezabatzea, minbizia, eta abar. 

Halaber, arrisku handiko pertsonei gaixotasuna kutsa diezaieketenek ere txertoa jartzea gomendatzen da. Hortaz, garrantzitsua da, betiere, osasungintzako langileak txertatzea. Era berean, txertaketa gomendagarria da eremu sozio-sanitarioko langileentzat eta etxez etxeko zaintzaile lana egiten dutenentzat, baita arrisku handiko pertsonen etxe berean bizi diren haurrentzat ere.       

Bereziki egokia da ere txertoa jartzea hezkuntzaren maila guztietako irakasleek, segurtasun-indarretako kideek, suhiltzaileek, Babes Zibileko zerbitzuetan dihardutenek, osasun-larrialdietako langileek, eta espetxeetako eta epaitegien agindupeko itxialdi-zentroetako langileek. 

Xedea, urtero bezala, kutsaturikoen eta gripeak jota hiltzen direnen kopurua gutxitzea da, eta oraingo honetan, horri erantsi egin behar zaio COVID-19 pandemiari aurre egiten ari diren herritarrenganako eta osasun-sistemarenganako inpaktua murriztea.     

Gure burua eta gure ingurukoak babestu

NOPLOIk azpimarratzen duenez, garrantzizkoa da txertatzea, norbera eta norberaren inguruko pertsonak babesteko. Horregatik, aurtengo publizitate-kanpainak nabarmendu eginen du alde handia egon daitekeela pertsona bakoitzak keinu hori egitearen eta ez egitearen artean. Xede hori lortzeko 9.000 informazio-kartel argitaratu dira, euskaraz eta gaztelaniaz, 600 toki baino gehiagotan jarriko direnak: osasun-etxeak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, egoitzak, auzoetako unitateak, eeta abar.

Horrez gain, sare sozialen bidez emanen da kanpainaren hasieraren eta bilakabidearen berri, #GripeYoMeVacuno eta #GRIPEAnitxertatukonaiz traolak erabiliz.

2019an, txertaketaren estaldura %54koa izan zen 60 urtetik gorakoengan, eta %62koa, 65 urtetik gorakoak kontuan hartuz gero. Haurdun zeuden emakumeen %62k jarri zuten gripearen aurkako txertoa, eta osasungintzako langileen %29k. 

Aurtengo helburua beste urrats bat egitea eta 60 urtetik gorakoengan txertaketa %75ekoa izatea da, batez ere egoitza itxietan bizi badira; %75ekoa transmisio-arriskua dutenengan, osasungintzako langileengan bereziki; eta %60koa haurdun dauden emakumeengan eta arriskua duten pertsonengan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!