Bueltan dira Bardoak. Hilabeteetako etenaren ostean, gaur jokatuko dira Goizuetako eta Jauntsaratseko finalaurrekoak. Martxoaren 14an ziren egitekoak bi saioak, baina pandemiaren eraginez bertan behera gelditu ziren. Oraingoan, segurtasun eta osasun prebentzio neurri guztiak bermatuta jokatuko dira.
Aforoak mugatuak izango dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izanen da, saio guztian zehar. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira egingo.
Goizuetan aurrez aurre izango dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Joaneko saioan, otsailean Anizen egindakoan, bigarrenek eskuratu zuten garaipena, eta beraz, hanka bat dute finalean. Goizuetako saioko emaitzak argituko du ordea bietako zein sartzen den finalean. 18:30ean hasiko da saioa, udaletxeko ganbaran.
Jauntsaratsen Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldeak izango dira parez pare. Tafallan jokatu zen joaneko saioa, martxoan, eta orduan beratarrek eskuratu zuten puntua. Jauntsaratseko saioan argituko da azkenean zein den talde sailkatua. 18:30ean izango da saioa, Apeztegiberriko ganbaran. Aforoaren mugapena dela eta, azkenean aldez aurretik egingo da sarreren salmenta, eta ez egunean bertan, lehenago iragarri bezala.
Finala urriaren 17an jokatuko da, 17:00etan, Lizarrako Ikastolako areto nagusian. Leitzako Atekaberts komeni taldea dagoeneko sailkatuta dago finalerako, eta gaur argituko dira beste bi finalistak. Finalerako sarrerak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, eta Lizarrako Ikastolan bertan.