Nafarroako osasungintzaren "sendotasuna" UPNren lanaren ondorio dela defendatu du Esparzak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 1a, 14:40

Birusa geldiarazteko zigor dekretua baliozkotu du Nafarroako Parlamentuak. EH Bilduk abstentzioa eman dio arauari eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak baliozkotu egin du ostegun honetan Covid-19aren aurrean prebentziozko osasun neurriak ez betetzeagatik ezarritako zigor erregimena bateratzen duen foru lege dekretua. PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta I-Ek akordioa sinatu dute, EH Bildu abstenitu egin da eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

Eztabaida parlamentarioan Navarra Sumak etekin politikoa atera nahi izan die izurritearen zifrei,baina bakarrik geratu da bide horretan. Momentu beroak bizi izan dira eztabaidan. Ramon Alzorriz PSNko parlamentaria gogor mintatzatu da eskuineko Javier Esparzaren aurka. PSNren ustez, "oso larria" da eskuineko koalizioak arau horren aurka bozkatzea. Voxi keinuak egin dizkiola salatu du alderdi sozialistak.

UPNko legebiltzarkideak, berriz, 2008an osasungintzan egindako murrizketak eta pribatizazioei erreferentziarik egin ez, eta haren alderdiaren lanari egotzi dio Nafarroako Osasun zerbitzu publikoaren sendotasuna. 

"Bere erantzunkizuna" gauzatzeko eskatu dio gobernuari EH Bilduk. Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak esan du egia dela gobernuari egindako kritika jakin batzuk partekatu dituela alderdi abertzaleak eskuinarekin, baina azpimarratu du bi alderdien artean "funtsezko ezberdintasun bat" dagoela: "Interesak eta helburuak". Esan duenez, Na+ alderdiaren "politika egiteko modua EH Bilduk defendatzen eta egiten duenetik oso urrun dago". "Egoerak beste neurri politiko bat eskatzen du, eta ez dut uste erakusten ari denik", esan dio Navarra sumako bozeramaileari.

Baliozkotutako foru lege dekretuak hiru arau-hauste mota ezartzen ditu: arinak, 100 eta 3.000 euro arteko isunekin zigortuko direnak; larriak, 3.001 eta 60.000 euro bitarteko isunak jasotzen dituztenak; eta oso larriak, 60.001 eta 600.000 euro bitarteko isunekin zigortuko direnak.

Arau horren arabera, 300 eurora igotzen da maskara erabiltzeko betebeharra ez betetzeagatik edo maskara modu desegokian erabiltzeagatik jarritako isuna, eta 600 eurora ere igotzen da bide publikoan botiletan parte hartzeagatik jarritako zehapena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!