Parlamentuak Trenasaren itxiera errefusatu du

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 28a, 15:09

Navarra Sumak eta EH Bilduk alde bozkatuta parlamentuak esku hartzeko eskatu dio gobernuari.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak bi adierazpen onartu ditu astelehen honetan, bata Navarra Sumak aurkeztutakoa eta bestea Izquierda-Ezkerrak aurkeztutakoa, Castejongo Trenasa enpresa ixtearen aurka agertzeko, 110 langile kaleratzea ekarriko lukeena.

Nafarroako Parlamentuak esku hartzeko eta enpresarekin "bitartekari lanak" egiteko eskatu dio Foru Gobernuari, konpainia ixtea saihesteko.

Navarra Sumak aurkeztutako adierazpenak aho batez jaso ditu lehen bi puntuak. Zehazki, testuak "deitoratu" egiten du itxiera iragarpena, eta "Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta babesa ematen die plantillako langileei eta haien familiei, bai eta, zeharka, itxiera iragarpenak eragin diezaiekeen guztiei ere".

Hirugarren puntuak Navarra Sumaren eta EH Bilduren babesarekin egin du aurrera, gainerakoek aurka bozkatu baitute. Atal honen bidez, Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari eskatu dio "itxiera hori saihesten saiatzeko eta, lortu ezean, arrazoi horrengatik enplegua galduko duten pertsonen berehalako birkokatzea ziurtatzeko".

Izquierda-Ezkerraren adierazpenak lau puntu zituen, lehenengo hirurak aho batez onartuak. Lehenik eta behin, Trenasaren itxiera arbuiatzen da, "enpresak ekoizpen-ahalmena duelako eta zonaldeko garapen ekonomiko eta sozialari kalte handiak eragiten dizkiolako". Bigarrenik, Parlamentuak uste du beharrezkoa dela "Nafarroako Gobernuak esku hartzea lan-erregulazio espedientea saihesteko eta enpresa ixteko, eta, beraz, 110 lanpostu galtzea eragozteko". Hirugarren atalean, eragindako langileei eta haien familiei elkartasuna adierazten zaie, eta konpromisoa hartzen da, bere eskumenen esparruan, "enpresa ixtea eta langileak kaleratzea saihesteko".

Laugarren atal bat onartu da, Navarra Sumaren gaitzespenarekin, eta Nafarroako Parlamentuak uste du "beharrezkoa eta premiazkoa dela negozio-gaitasuna duten enpresen ekoizpen-jarduera ixtea/etetea ahalbidetzen duen lan-erreforma indargabetzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!