189.000 euro bideratu ditu gobernuak helduen euskalduntzerako

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 28a, 14:11

Diru-laguntza hauek 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1era bitartean hasten diren ikastaroetarako izanen dira.

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafarroako Institutuaren bidez, 189.055 euro (114.055 euro 2020an eta 75.000 2021ean) bideratzen ditu, 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1era bitartean hasten diren ikastaroetan helduek euskara ikas dezaten. Deialdia NAOn argitaratu da.

Diru-laguntza horien barruan sartzen dira ikaskuntza estentsiboko, intentsiboko, barnetegiko eta autoikaskuntzako modalitateak. Talde arruntetan emandako irakaskuntza presentziala astean gutxienez lau ordukoa izango da, eta gutxienez 80 orduko iraupena izango du; barneratuetan ere ikastaro bakoitzeko gutxienez 80 ordu eskainiko dira.

Gainera, ikastaro telematikoetan 100 lanordu emango dira ikastaro bakoitzeko, eta irakaskuntza espezifikoak presentziala izan beharko du, 40 eskola-ordutik gorakoa, Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak: 16 urte baino gehiago izatea (gurasoek edo legezko tutoretza dutenek eskabidea aurkeztuko dute kasu honetan); Nafarroan erroldatuta egotea; Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; matrikula formalizatuta izatea 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1era bitartean hasten diren ikastaroetan, ikastaro horrengatik ordainketaren bat egin izana eta laguntza ziurtatua izatea. 

Era berean, berariaz salbuesten dira titulartasun publikoko ikaskuntza-zentroetako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza-eskolak) eta Foru Komunitateko Administrazioko langileak onuradun izatetik, euskara-ikastaroetarako berariazko laguntzak baitituzte.

Laguntza horiek jaso nahi dituzten pertsonek web-inprimaki baten bidez egin beharko dute eskaera, navarra.es webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!