337 koronabirus kasu berri atzeman dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 24a, 09:47

Zenbatekoa atzo iragarritakoa baino baxuagoa izan arren, datuak "kezkagarriak" direla aitortu du Santos Indurain osasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan.

Nafarroak 360 Covid-19 kasu berri erregistratu zituen asteazkenean, 3.476 PCR egin ostean, egun bakarrean egin duen proba kopuru handiena, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran emandako datuen arabera. Nafarroako Gobernuak, ordea, beste zenbateko baten berri eman du arratsaldean. 

Gobernuaren arabera, Osasun Sailak 337 kasu berri atzeman ditu asteazken honetan Covid-19 birusaren ondorioz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.473 PCR egin ostean (%9,7 positibo)

Atzo ez zen hildakorik izan, eta zortzi ospitaleratze izan ziren (aurreko egunean 22 izan ziren). Alta eta bajen balantzea egin ostean, Nafarroako osasun sare integratuak 222 paziente hartzen ditu (atzo bezala) ospitale eta modalitate ezberdinetan, horietako 24 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñerriak positiboen %58 jaso zuten, Tuterako eremuak %18 eta Lizarrakoak %1. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Kasu berrien kopuruak behera egin du aurreko egunarekin alderatuta, orduan Nafarroa bere gorenera iritsi baitzen, 421 kasurekin, lehen aldiz 400eko zifra gaindituz.

Nolanahi ere, Indurainek adierazi duenez, "agerikoa da ez direla datu onak, guztiz kontrakoa, kezkagarriak dira", eta "eguneroko kasuen kopuruak gero eta handiagoak" direla adierazi du. "Udako ehundik erdietara pasatu gara, eta azken aldian 300 baino gehiago izan dira", esan du.

Horren ostean adierazi duenez, datu horiek "ez dute Nafarroako osasun sistemaren erantzuna arriskuan jartzen, baina lehen olatuaren hasieran ere ez zen horrelakorik gertatu, baina tenkatu egin dezakete, eta kutsatze kopurua inflexionatzen saiatu behar da, ohiko osasun jarduera ahalik eta gehien mantentzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!