Carlos Canovas argazkilariak Vianako Printzea saria jaso du

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 21a, 09:00
Carlos Canovas, larunbatean, saria jasotzeko ekitaldian. (Nafarroako Gobernua)

Carlos Canovas argazkilariak Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zuen larunbatean, "bere ibilbidearengatik eta fotografia artistikoaren berritzaile izateagatik". Argazkilari batek Nafarroako kultuaren sari nagusia jasotzen duen lehen aldia izan da.

Carlos Canovas Hellinen (Espainia) jaio zen, 1951n, baina urte horretatik bertatik Iruñean bizi izan da, eta han eman zituen lehen urratsak argazkilari gisa ere. Berrogei urteko ibilbidearen ondoren, errekonozimendua iritsi zaio. Larunbat eguerdian izan zen Nafarroako Kulturaren Vianako Printzea saria banatzeko ekitaldia, Erriberriko Frantziskotarren komentuan. Maria Txibite presidenteak eman zion saria, eta harekin batera izan ziren Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria eta Maite Garbayo Erriberriko alkatea ere, beste ordezkari instituzional batzuen artean. 

Txibitek Canovasen alderdi sortzailea txalotu zuen, !haren perfekzionismoa eta begirada sentibera, bestela oharkabean igaroko liratekeen txokoak ikusgarri eta protagonista bihurtzen dituena”. Txibiteren arabera, Canovasen lan artistikoa “gogoetatsua eta pentsatua da, begien bistatik haratago doan mezuak ditu, eta kantitatearen aurrean kalitatearen defentsa argia egiten du: iragankorraren aurkako borroka fotografiatzen du, irudia arte gisa erabiliz; emozioak transmititzeko bide gisa”.

Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela. Sari hori jaso duen lehen argazkilaria izan da. Ekitaldian Canovasek eskerrak eman zizkien Nafarroari, bere familiari, eta erkidegoko gainontzeko argazkilari guztiei: “Badakidalako, haiek bezala, zer den egunero borrokatzea argazkigintzaren mundu konplexu eta zirraragarri honetan; mundu gogor eta zoragarri, batzuetan hain ziztrin eta bestetan hain eskuzabal honetan”.

Argazkilariaren unibertso eta begirada propioek ekarri diote Nafarroako Gobernuaren aitortza, bai eta argazkilaritzarekiko duen pasioa ere; berak ekitaldian esan zuen bezala, “pasiorik gabe ez baitago kulturarik; pasiorik gabe ez dago arterik”. Canovasentzat argazkilaria izatea da, hain zuzen ere, “norbere unibertsoa aurkitu eta eraikitzea; haren gainean eta bertatik argia egitea, eta, horren bidez, leku eta denbora zatitxoak ahanzturatik berreskuratzea eta gordetzea”.

Canovasi gaztetatik piztu zitzaion argazkigintzaren munduarekiko interesa, aitak bultzatuta, eta 1972an bere lehen kamera profesionala eskuratu zuen. Azkar utzi zuen alde batera orduko gizarteak markatutako bidea, eta urte haietan nagusi zen argazkigintza eredutik aldendu zen.“Nire argazkien mundua beste nonbait egotea nahi nuen: poesia intimoaren munduarekin antz handiagoa izatea, kontakizun sozialarekin baino”. 

Vianako Printzea saria banatu duten 31. aldia izan da gaurkoa. 1990az geroztik urtero egin dute, etenik gabe, kulturaren edozein arlotan pertsonek, taldeek edo erakundeek egindako lana errekonozitzeko helburuarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!