Bertako ardoaren kontsumoa sustatzeko kanpaina bat antolatu du Nafarroako Jatorri Izendapenak

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 15a, 08:05

David Palacios eta Luis Casado, kanpainaren aurkezpenean.

Ostalaritzaren eta elikaduraren sektoreei laguntzeko zenbait ekimen antolatu ditu, urteko azken hiruhilekorako.

Mahats-bilketaren unea aukeratu du Nafarroako Jatorri Izendapenak bertako ardoen kontsumoa sustatzeko kanpaina abiatzeko, ilusio eta itxaropen berrien garaia baita. Urteko azken hiruhilekorako prestatu dituen ekimenekin, nafar guztiei dei egingo die euren jatorrietara itzuli eta bertako ardoekin identifika daitezen, eta horretarako, Aukeratu Nafarroa, Aukeratu Jatorri Izendapen ardoak leloa aukertu du. 

David Palacios Jatorri Deituraren Kontseilu arautzaileko presidenteak “tokiko produktuak kontsumitzeak duen garrantzia” azpimarratu du, pandemiarekin inoiz baino argiago ikusi dena. 

Kanpainak ardoa saltzeko bide nagusiei laguntzeko ekintzak izango ditu: ostalaritza eta elikadura. Hala, beste gauza batzuen artean,  Nafarroako ardoak aukeratu dituzten bezeroak eskumuturreko batekin sarituko dituzte, eta produktu bakoitzaren prezioaren % 50 kausa solidario baterako izango da. Era berean, Kazolatxoaren eta Jatorri Izendapeneko Ardoaren Astearen edizio berri bat antolatuko du.

Kanpaina osoan, garrantzi berezia emango diote pertsona guztientzako irisgarritasunari, azpitituluak dituzten bideoekin edo zeinu mintzairaren erabilerarekin, besteak beste. Horretarako, Berrikuntzarako eta Gizarteratzeko Iddea Fundazioarekin ari dira lanean. Luis Casado kideak horrelako proiektuetan ikuspegi inklusiboa sartzearen garrantzia azpimarratu du.

Hala, Jatorri Izendapenaren helburua inklusioan eta irisgarritasunean urratsak ematen jarraitzea izango da, "sakoneko lasterketa bat" baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!