Nafarroako azoka ekologikoa egingo dute irailaren 18tik 20ra, autobus Geltoki zaharrean

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 11a, 12:10

Azokaren aurkezpena, atzo, Geltokin.

Nafarroako elikagai ekologikoen merkaturik handienaren bosgarren

edizioan, produktu ekologikoen 35 mahai izango dira; gehienak ekoizle

nafarrenak, baina baita erkidego mugakideenak ere.

Azoka apirilean egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan dute, eta,

azkenean, sektoreak bere ekoizpenak eta lana ezagutzera emateko

erakusleihoa izango du, Iruñeko Autobus Geltoki Zaharreko nasetan.

 

Azoka hau funtsezkoa da sektore ekologikoa ezagutarazteko, tokiko

ekoizleei bultzada emateko eta saltoki txikiekin eta herritarrekin

loturak sendotzeko.

 

“Halako proiektuak garrantzitsuak dira euren kalitatezko produktuekin

herriak bizirik mantentzen laguntzen duten ekoizleak ezagutzera

emateko. Krisialdian argi geratu den moduan, nekazaritzako

elikagaien sektorea funtsezkoa da Nafarroarentzat”, azpimarratu

du Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak.

 

Autobus Geltoki Zaharreko nasetan jarriko dituzten 35 postuetan

askotariko elikagaiak egongo dira; hala nola fruta eta barazkiak, gazta,

olioa, ardoa, marmelada, ogia edo eztia; eta baita kosmetikoak ere.

 

Nafarroan elikagai ekologikoen kontsumoa eta ekoizpena gora egiten

ari da. Egun 700 operadore eta 84.000 hektarea daude. Topaketa hau

urteko esanguratsuena da haientzat, eta, gainera, aurtengoa ahalegin

berezi baten ondoren dator, testuinguruak baldintzatuta. Hortaz, gune

segurua izan dadin, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte,

edukiera murriztuko dute eta ibilbide bat zehaztuko dute.

 

Azoka irailaren 18an irekiko dute, ostiralarekin, arratsaldeko 17:00etan;

larunbatean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik; eta igandean,

eguerdira arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!