Kontingentzia plana negoziatzeko eskatu dio hezkuntza komunitateak gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 8a, 14:12

Zakar poltsak eta orriak gordetzeko plastikoak EPI gisa erabilita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren aurrean bildu dira foroa osatzen duten sindikatu eta elkarteak. Institutu horrek ezarritako baldintzak erabili ditu hezkuntza departamentuak garatu duen kontingentzia plana arrazoitzeko eta ‘low cost’ protokoloa dela salatu dute.

Bilera eskatu die Hezkuntza Komunitatearen Foroak Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren zuzendariari. Erantzunik, baina, ez dute jaso. Mahai sektorialetan baino ez dituztela ikusi salatu dute, eta negoziazioa baino, bilera informatiboak izan direla horiek.

Azken hilabeteotan egin duten bezala, negoziaziorik gabe, adostasunik bilatu gabe, egin duela salatu dute beste behin hezkuntza komunitateko eragileek eta puntuz puntu kritikatu dute protokoloa. 

Eskolak abiatu aurretik egoeraren argazkia egiteko eskatu zuen hezkuntza komunitateak, azterketa serologikoa edota PCRak egitea irakasle guztiei. Hezkuntzak baztertu egin du aukera. Eta orain ikasturtea hasi dela eta ikasleak eta irakasleak ikasgeletan direla positibo bat atzemanez gero neurriak gogortzeko eskatu du hezkuntza komunitateak.

Talde desberdinetako ikasleak biltzen diren geletarako metakrilatozko itxiturak eskatu dituzte, irakasleek eta ikasleek elkar ikusteko modua izan dezaten. Maskarak erabiltzeak komunikazioa zailtzen duela ere salatu dute. Hala, mikrofonoak eskatu dituzte ahots arazoak dituzten irakasleentzat, langile guztientzat babes-maila handia duten maskara gardenak, bereziki adin txikiko ikasleak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak artatzen dituzten profesionalentzat. Baina, gurasoak ere izan dituzte gogoan gaur egindako elkarretaratzean: baimen bereziak eta kontziliazio neurriak galdegin dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!