Enpresetan esku-hartzea indartzeko eskatu dute ELAk eta CCOOk, agerraldiak saihesteko

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 8a, 13:06
Tuterako Uvesa enpresa.

Nafarroako Gobernuari exijitu diote Uvesak protokoloak betetzen dituela berma dezala. Ikuskaritzarako langile gehiago kontrata ditzatela eskatu dute.

ELAk hala eskatuta, Tuterako Uvesako enpresa batzordeko sindikatuak Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuko ordezkariekin bildu ziren atzo goizean. Ondoren, ELA sindikatuak agerraldiaren inguruan egondako informazio eta parte hartze falta kritikatu zuen, eta enpresaren kudeaketa “desastrea” izan dela salatu zuen.  

Sindikatuaren arabera, segurtasun distantziarik ez egotea eta emandako pilaketak enpresak uztailaren amaieran ezarritako antolaketa aldaketaren ondorio dira, gaur egun judizializatuta dagoena. Era berean, ELAk ohartarazi du kasu positibo gehienak Randstad Outsourcing enpresako langileen artean gertatzen direla, lan baldintza kaskarrenak dituztenen artean, hain zuzen ere.

Prebentzio zerbitzuak enpresari Covid-19 “eremu seguruko” zigilua eman eta egun gutxira egindako baheketa azterketan 200 positibo eman izana “eskaldalugarria” dela dio ELAk.

Departamentuko arduradunei enpresari zigorrak jartzeko aukerari buruz ere galdetu zieten, baina oraingoz baztertu egin dutela esan zieten. ELArentzat, “kontraesankorra” da neurriak betetzen ez dituen enpresa bati zigor neurririk ez jartzea, eta aldi berean norbanakoei, bai.

Horiek horrela, egoera zein den ikusita, Nafarroako enpresetan esku-hartze publikoa indartzeko eskatu du, eta ohartarazi du horretara bideratutako teknikariak ez direla nahikoa (ISPLNn 28 eta Lan Ikuskaritzan 15), Nafarroako 40.000 lantokietan 270.000 langile izatera iristeko.

Prekarietatearen ondorio

Eskaera horrekin bat egin du CCOOek ere. Gaur egindako agerraldi batean, sindikatuak positibotzat jo du Osasun departamentuaren parte hartzea Uvesaren arazoaren aurrean, eta eskatu dio enpresaren gainean egon dadila, protokoloak betetzen dituela bermatzkeo.

Edonola ere, enpresan gertatutakoa “prekarietatearen eta enpresaren irabaziak etengabe handitzeko nahiaren ondorio” dela azpimarratu du. “Neurriak murrizten dituen prebentzio politika bat, sindikatuei ez entzutea eta errentagarritasuna bilatzea beti izango da arriskutsua osasunarentzat”.

Zuzendaritzak asteazken honetan langileen ordezkariei lan erregulazioko espedientea aurkeztuko diela aurreratu du Chechu Rodriguez idazkari nagusiak, baina oraingoz ez dakite zein baldintzatan. Ildo horretan, CCOOk "langileen baldintzak ahalik eta onenak izan daitezen" zainduko duela esan du, "ez baitira osasun eta lan ikuspuntutik jasaten ari diren egoeraren errudunak".

Lanera itzultzeko dekalogoa

CCOOk hamar neurritako dekalogoa osatu du, behargin asko lanpostuetara itzultzen ari diren une honetan enpresek eta erakundeek prebentzio kultura gara dezaten. Fokua industrian jarri du bereziki, sektoreak Nafarroan duen pisuarengatik, leku itxietan jende kopuru handiak biltzen dituelako, eta Uvesako agerraldia dela eta.

Proposatutako neurrien artean daude, besteak beste, aldizkako bilerak batzordeekin, hartutako neurrien berrikuspena, norbera babesteko ekipamenduen jarraipena, edota babes kolektiboko neurriei lehentasuna ematea.  Baldintza horiek betetzen ez badira, lan ikuskaritzaren aurrean salaketa jartzearen garrantzia ere jaso dute. CCOOren ustez, Uvesaren kasuan ez ziren jarraibide horiek betetzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!