Otsoportillo oroimenaren leku izan zen atzo, berrogeigarrenez

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 7a, 08:55

Otsaportilloko leizean errepresio frankistaren biktimak omendu zituzten atzo. Berrogei urte bete dira omenaldi hori egiten hasi zirenetik.

Berrogei urte bete dira sakanako fusilatuen senitarteko talde bat, Extarri Aranatzeko udalaren laguntzarekin, Otsoportillon omenaldi bat egiten hasi zenetik. Horrela, 1980az geroztik, irailaren 1ean, Urbasa mendilerroko toki hori oroimen lekua izan da urtero.

Urte berezi honetan ere omenaldia antolatu dute, beharrezko neurriekin. 1936ko estatu kolpeagatik, gerra zibilagatik eta frankismoagatik giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsona guztientzako egia, justizia eta ordaina eskatzeko ekitaldia egin zuten atzo.

Hobi komun bihurturik, Otsoportilloko leizera gutxienez hamalau pertsona bota zituzten 1936ko kolpeaz geroztik. 1979an hamalau pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten, eta Aranzadik 2016an eta 2017an egindako bi hilobiratze prozesutan, 11 biktimaren gorpuzkiak berreskuratzea eta zazpi pertsona identifikatzea lortu zuten. Inguruko herrietakoak ziren: Altsasuko bi, Olaztiko bi, Ziordiako bi eta Urdiaingo beste bat.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak atzo adierazi zuenez, "beste informazio batzuk biltzen" ari dira, "aurrera egiten” saiatzeko: "Ez diogu uko egingo lanean jarraitzeari".

Ollok, bestalde, azpimarratu zuen horrelako ekintzak oso garrantzitsuak direla "desmemoriari aurre egiteko". "Garrantzitsua da, ez soilik iraganera begira, baizik eta orainera eta etorkizunera begira; izan ere, izan genuen iragana ahaztu nahi duen gizarte amnesiko bat ezin da inoiz gizarte demokratikoa izan".

Sakanako udalek 2017an sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, aurten Altsasuko eta Urdiaingo udalei zegokien Otsoportilloko ekitaldia antolatzea. Itziar eta Erkuden Flores eta Amaiur Goikoetxea ahizpek, Los del Rayo taldeak eta aurresku batek girotutako ekitaldia izan zen. Lore eskaintza ere egin zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!