Kirolaren Institutuak kirola egiteko baldintzak aldatu ditu, agerraldien ondorioz

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 28a, 09:03

Kontaktuko kirol federatuek entrenamendu osoak egiten hasteko aukera izango dute irailaren 14tik aurrera, eta txapelketak urriaren 17an jarriko dira abian.

Nafarroako Gobernuak irailaren 14a jarri du kontaktu ertain-altuko kirolen entrenamendu osoak egiten hasteko egun gisa eta urriaren 17a maila autonomikoko lehiaketak egiten hasteko.

Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI), Foru Komunitatean COVID-19aren eragina handitu dela ikusita, ekainean onartutako ebazpena aldatu du; hau da, kirol-jarduera "normaltasun berrian" garatzeko baldintzak ezartzen zituena. Gainera, ebazpen berrian, kirol-ekitaldi eta lehiaketetako parte-hartzaileen eta ikusleen kopurua murriztu da, federatu gabeko taldean zuzendutako jarduerak garatzeko baldintzak aldatzearekin batera.

Entrenamenduak eta txapelketak

Entrenamendu oso bezala hartzen da mugarik gabe garatzen dena eta, modalitatearen ezaugarriak medio, aurka egitea edo zuzeneko kontaktua izan dezakeena. Entrenamendu ez osoak normaltasunez egin daitezke.

Kategoria horretan sartzen dira kontaktu ertain-altuko taldeko kirol kolektiboak (saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto-futbola, hockey patinak, hockey belarra, waterpoloa, errugbia, e.a.), arte martzialak eta borroka-kirolak (judoa, taekwondoa, karatea, Kick-boxinga, borroka, boxeoa, sanboa, diziplina elkartuak, e.a.) eta sokatirako espezialitateak eta herri-kiroletako konbinatuak.

Ebazpenean, halaber, kategoria autonomikoko liga erregularretako taldeen eta kirolarien jarduera arautzen da; beraz, kategoria nazionaleko taldeak edo autonomia arteko liga erregularretan lehiatzen diren taldeak dagozkien federazio nazionalen jarraibideen arabera arautzen dira edota Kirolaren Kontseilu Gorenak (KKG) arautzen duenaren arabera.

Errendimendu altuko edo maila altuko edo NKIk (aldez aurretik justifikatuta) baimendutako beste kirolariek, Espainiako hurrengo txapelketa batera edo nazioarteko beste txapelketa ofizial batera joan behar badute, arte martzialen edo borroka-kirolen kasuan, entrenamenduak egin ahal izango dituzte lehiaketa hasi baino hilabete bat lehenago.

Taldeko kirolei dagokienean, entrenamenduak egin ahal izango dira murrizketarik gabe, autonomia arteko edo nazio mailako selekzio edo klub ofizialen lehiaketak egin aurreko hilabetean zehar.

Kirolarien segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, estrategia metodologikoak garatu ahal izango dira; hala nola, bikote finko eta egonkorren entrenamendua, mugatutako espazio zehatzak, eta abar. 

Bestalde,  arte martzialen eta borroken modalitateko saioetan edukiera aldatuko da; hau da, parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro karratukoa izatetik, erabiltzaile bakoitzeko 10 metro karratukoa izatera gehienez.

Edukierak ekitaldietan eta txapelketetan

Era berean, ebazpenean, kirol-ekitaldiak eta -saioak egin ahal izateko baldintzak aldatu dira. Aire zabalean edo estali gabeko instalazioan egin behar diren kasuan, parte-hartzaileak gehienez 100 lagun izango dira edo iazko urtekoaren %50a baino gutxiago, harik eta gehienez 500 lagunera bitarte (lehen 200 baino gutxiago ziren edo iazko urtekoaren %50a baino gutxiago, harik eta gehienez 1.000 lagunera bitarte), eta estalitako instalazioetan 100 baino gutxiago (lehen 100 baino gutxiago edo iazko urtekoaren %50a baino gutxiago). Ikusleei dagokienean, berriz, aire zabalean edo estali gabeko instalazioan gehienez 700 pertsona onartuko dira eta edukieraren %50a gehienez (lehen gehieneko edukieraren 2/3ra bitarte).

Ikusleek maskara erabili beharko dute eta parte-hartzaileek ere bai jarduera fisikoa edo kirola egiten ari ez badira. Estalitako kirol-instalazioen kasuan, ikusle guztiek eserita egon behar dute haien artean gutxieneko segurtasun-tartea errespetatuaz. Harmailarik ez duten instalazioetan, ikusleak zutik badaude, segurtasun-tartea errespetatu beharko dute.

Jada garatzen ari diren ekitaldiak eta lehiaketak edo izena emateko denboraldia ebazpena indarrean sartu den egunean amaitu zaienak, aurrekoak arautuko ditu.

Nazio mailako liga erregularren lehiaketetan, dagokien federazio nazionalek edo erakunde antolatzaileek zehaztuko dute edukiera (Futbol-liga, ACB, ASOBAL, e.a.).

Federatu gabeko taldean zuzendutako jarduerak

Federatu gabeko taldean zuzendutako jarduerei dagokienez, mugikortasun baxukoetarako erabiltzaile bakoitzeko 5 metro karratu beharko dira, eta mugikortasun altukoetarako 16 metro karratu pertsona bakoitzeko.

Edukierak aretoen gaitasunaren eta jardueraren ezaugarrien arabera argitze aldera, NKIk mugikortasunaren arabera sailkatuko ditu jarduera ezberdinak, beharrezkoa balitz, covid.deporte@navarra.es posta elektronikoaren helbidean aldez aurretik kontsulta eginda.

Modu horretan, adibidez, cross training, crossfit, entrenamendu osoa, prestakuntza fisikoa eta entrenamendu funtzionala mugikortasun altuko jardueratzat hartzen dira, eta spinning, zunba, aerobic, body pump, aquagym, pilates, hipopresiboak, yoga, body balance, core, GAP, tonifikazioa, TRX, easy line, HIIT, cardio box, body combat eta hip hop mugikortasun baxuko jardueratzat.

Edonola ere, jarduera-mota horiek espazio irekietan edo aireztatutakoetan egitea gomendatzen da, mugikortasuna murriztuko duten aldagai metodologikoak egitea eta mugikortasun handiko jarduerak mugikortasun txikiko jardueretara egokitzea. Ildo horretan, zirkuitu-erako antolaketak saihestea aholkatzen da, kirolariek hainbat estaziotatik igarotzen direlako eta materiala partekatzen dutelako (kasu horretan, materiala desinfektatu behar da erabilera bakoitzaren ondoren) eta jarduera-espazioak mugatzea ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!