Aurrera atera da Navarra Sumak eta Geroa Baik adostutako zuzenketa

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 27a, 13:17
Maria Solana parlamentaria, parlamentuan, aurtengo urtarrilean.

57 urtetik gorako irakasleei lanaldia murriztea adostu dute. Akordioak hautsak harrotu ditu gobernuko kideen artean. 

Oporren osteko lehen osoko bilkura egin du gaur Nafarroako Parlamentuak, eta eztabaida beroa izan da. Covid-19ko osasun krisiari aurre egiteko ezohiko prebentzio neurri berriak jasotzen dituen foru lege proiektua onartu dute, baina baita Navarra Suma eta Geroa Bairen zuzenketa ere, 57 urtetik gorako irakasleei lanaldia murrizteko. Horrek hezkuntzaren gaia mahai gainera ateratzea ahalbidetu du, eta polemika piztu. 

Navarra Sumaren eta Geroa Bairen arteko akordioak hautsak harrotu ditu gobernu kideek artean, eta garrak gaurko eztabaidara heldu dira. Hala, hitzartze gogorra egin du PSNko Ramon Alzorriz bozeramaleak, Geroa Bairi —eta espresuki Maria Solana egungo parlamentari eta Hezkuntza kontseilari ohiari— zuzenduta. Alzorrizen iritziz, emendakina “Carlos Gimeno egungo kontseilaria erasotzeko aitzakia” soilik izan da, Solanaren garaiko hutsegiteak estaltzeko asmoarekin.

Gogor aritu da Izquierda Ezkerrako bozeramalea den marisa de Simon ere, “eskuin abertzale eta espainolistaren akordioa” gisa izendatuz eta Geroa Bairen jarrera “arduragabeak” salatuz.

Maria Solanak hartu du hitza Geroa Bairen izenean. Akordioa defendatu du, hezkunzta langileen, bai itunpeko zein publikoko irakasleen lan baldintzak hobetzeko eginda dela adieraziz. Horregatik, gogor erantzun die beren jarrera salatu duten bozeramaleei. “Ikasturte hasiera beroa ekiditea ez da tamalgarria edo arduragabea”, adierazi du Geroa Baiko bozeramaleak. “Eta murrizketarik ez egitea eta irakasleen eskariei erantzutea soilik milioi bat euroko kostua izanen luke”. 

Ildo beretik mintzatu da EH Bildu, akordioa sinatu ez arren, aldeko botoa eman baitio. Bakartxo Ruiz eledunak gogoratu du, Hezkunzta Kalitatearen aldeko itunean, ikastorduen gutxitzea aurreikusten zela. “Eta itunak betetzeko dira”. 

Navarra Sumako hitzratzea, berriz, edukietan sartzeko baino, eztabaida eta gobernua osatzen duten kideen artean ireki den pitzadura areagotzeko erabili du Javier Esparzak. “PSNren porrota” izan dela adierazi du Esparzak, eta horretan Geroa Bairen jarrera txalotu du.

Gobernukideen antzera, Ahal Duguk ere Geroa Bai eta Navarra Sumaren zuzenketaren aurkako botoa eman du. Mikel Buil bozeramaleak ardura eta batasuna eskatu du, une zailak sortuko dituen “aro pandemikorako”. “Ulergaitza” deritzo horrelako mugimendu politikoetan aritzea.

Bestelako proposamenak, atzera

Enmendakina aurrera atera da Navarra Suma, Geroa Bai eta EH Bilduko parlamentarien aldeko botoekin. Ez dira aurrera atera bestelako proposamenak, besteak beste, eskola guztietan erizainak izateko eskatzen zuena, Navarra Sumaren eskariz, edota EH Bilduk proposaturiko Covid Foroa, “hezkunzta komunitate osoa batzeko, ikasturteari aurre egiteko eta departamentuko aldebakarreko erabakiak saihiesteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!