Gurtza lekuen, ospakizunen eta ikuskizunen edukiera murriztu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 26a, 13:16

Espazio publikoan, 10 lagunetik gorako bileretan maskara erabili beharko da eta pertsonen arteko distantzia mantendu.

Nafarroako Gobernuak murrizketa berriak iragarri ditu: kultu-lekuetako, ospakizunetako eta adinekoen klubetako edukierak murriztu ditu, muga berriak ezarri ditu ikuskizunetan eta dantza-akademietan, eta espazio publiko irekietan 10 pertsonatik gorako taldeen bileretan bermatu egin beharko maskarak erabiltzea eta gutxieneko segurtasun-distantzia 1,5 m-koa izatea.

Araudi berria Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu ondoren sartuko da indarrean, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako akordioa aldatzen du, Nafarroa normaltasun berrian sartuko zela adierazten zuena. Era berean, joan den abuztuan Foru Gobernuak ezarritako mugetako batzuk jasotzen ditu, baita Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren azken bileran adostutako gomendioak ere.

Nafarroako Gobernuak indartu egin du balizko kasuetarako dispositiboa. Orain 168 profesional ditu, 58 pertsonako oinarriarekin (medikuak, erizainak, lan soziala eta administratiboa), eta beste 110 pertsona, gehienak Lehen Mailako Arretako erizainak, zeregin horiei gehitzen baitzaizkie beharren arabera.

Helburua da 24 ordutan positibo bakoitzaren kontaktu estu guztiak identifikatzea eta hurrengo egunean PCRa egitea. Horretarako, astelehenetik igandera lan egiten dut dispositiboan, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Egunero, batez beste, 1.000 dei egiten dituzte. Egun 108 agerraldi daude aktibo Nafarroan.

Murrizketa berriak 

  • Ospakizunak
    • Kultu-lekuetako gehieneko edukiera %75etik %50era jaitsiko da
    • Ezkontza-ospakizunetan eta bestelako ospakizun sozial, erlijioso edo zibiletan, berriz, 75 lagunekoa izango da muga aire zabaleko lekuetan, eta 35ekoa espazio itxietan.
      • Mahaikide taldeak ez dira 10 lagunetik gorakoak izango, eta higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dira: pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izatea, maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea.
  • Ikuskizunak
    • Bertaratzen direnak 350 pertsona baino gehiago badira, lokal itxien kasuan, edo 700 pertsona baino gehiago aire zabaleko instalazioen kasuan, erakunde sustatzaileak, gutxienez zazpi egun baliodun lehenago, nahitaezko txosten lotesle bat eskatu beharko dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, eta organo horrek erabakiko du ekitaldia egiten den ala ez.
    • %75eko gehieneko edukiera mantendu du gobernuek ikuskizunetarako. 
  • Adinekoen zentroak
    • Gehieneko edukiera %50ekoa izanen da (lehen% 75ekoa zen).
    • Ez da gomendatzen eskatutako prebentzio-neurriak edo edukieraren kontrola bete ezin dituzten zentroetan aisialdiko jardueretarako soilik irekitzea.
  • Haurtzaindegiak 
    • Jarduera prebenitzeko eta antolatzeko protokolo bat izan beharko dute, eta protokolo horretan jasoko dira orain arte onartutako osasun-gomendioak.
  • Dantza eskolak
    • Pertsona bakoitzeko 5 metro koadroko segurtasun-eremua ezartzen da.
    • 1,5 metroko pertsonen arteko tartea mantendu beharko da, eta hori ezinezkoa bada, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
    • Ikasle-taldeak egonkorrak izango dira, eta ezin izango da klase-aldaketarik egin, ez eta bikote-aldaketarik ere modalitate honetako dantza-klaseetan.
  • Garraio publikoa  
    • Baimendutako okupazioa handitu egiten du bederatzi plaza arteko ibilgailuetan, gidaria barne. Horietan, ibilgailuaren atzeko plaza guztiak eta aurreko ilarako eserlekuak erabili ahal izango dira, gainerakoak agortu direnean, salbu eta gidaria aurka agertzen bada.

Gomendioak

  1. Bizikidetza egonkorreko taldetik kanpo topaketa sozialak mugatzea gomendatzen zaie herritarrei.
  2. Eremu pribatuko gizarte-topaketak gehienez 10 pertsonara mugatzea gomendatzen zaie herritarrei, osasun-agintariek emandako babes-neurriak uneoro betez.
  3. Egoiliarrekin harremanetan dauden zentro soziosanitarioetako langileei aldian behin PCR probak egitea gomendatzen da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!