Ana Mari Marin margolaria zendu da

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 25a, 09:30

Baztango paisaiak irudikatu zituen batik bat, olio eta akuarelaz egindako koadroetan. Beste esparru batzuetan ere aitzindari izan zen. 87 urterekin hil da. 

Baztan bailara kolorez bete zuen margolaria zendu da, 70 urteko ibilbidearen ostean. Ana Mari Marin Elizondon sortu zen, 1933an, eta haurra zelarik hasi zen margotzen, zazpi urterekin, bolada bat ohean igaro behar izan zuenean, gaixotasun baten ondorioz. 

Hiru urte zituenean piztu zen gerra, eta haren familiak erbesteratu behar izan zuen. Frantzian igaro zuen Marinek haurtzaroa, ondorioz; nerabe zenean itzuli ziren bailarara. Baztanekin berriz elkartu izana erabakigarria izan zen harentzat, eta bizitza osoan lotura sendoa izan zuen bailararekin.

Haren margolanen agertoki nagusia izan zen, baina beste toki batzuetako paisaiak ere margortu zituen.

Margoan kolore biziak erabiltzen zituen, eta olioa eta akuarela, batik bat. Zenbait kritikariren arabera, haren obra "ordenatua, harmoniatsua, arina, freskoa eta intimoa" da. Osasunak utzi zion bitartean margotu zuen; denbora asko ematen zuen estudioan, ia egunero aritzen zen hainbat orduz. 

Harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, hala nola Mentxu Gal margolari irundarrarekin edo Jorge Oteizarekin. Jorge Oteiza Museo Etnografikoaren sorrera bultzatu zuen, eta haren itxierak atsekabe handia eragin zion.

Baina ez zen pinturan bakarrik aritu; beste arlo batzuetan ere aitzindari izan zen. Esaterako, Elizondoko Abesbatzen Elkarteko kide izan zen hainbat urtez, eta Baztandarren Biltzarraren sorrera sustatu zuen, 1963an. Bailararekiko kezkak bultzatu zuen politikagintzan ere aritzera, eta 1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz , eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean —lehen emakume zinegotzia—, eta, ondoren, zinpeko alkate, 1975etik 1977ra. 

Haren jarduerarako laguntza behar zuten hainbat erakunderi eman zizkien bere margolanak; besteak beste, Baztan Ikastolari, Xauli Elkarteari eta Elizondoko Iriarte egoitzari.

87 urterekin hil da, Iruñean, gaixotasun luz baten ondoren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!