Arratsaldez ez da eskolarik izanen datorren ikasturtean

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 21a, 12:01
  • Hezkuntzako 666 profesional kontratatuko dituzte.
  • Jangela zerbitzua mantenduko dute eta 183 zaintzaile gehiago hartuko dituzte.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera utziko dituzte.
  • Jolastokietan taldeak bananduta izanen dira eta ikasle guztiek musukoa eraman beharko dute soinean.

Nafarroak modu presentzialean hasiko du ikasturtea, eta ikastetxe guztiek beren ordutegia egokitu beharko dute lanaldi jarraitua ezartzeko urritik aurrera. Halaber, eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera geratuko dira, baina jangela zerbitzua mantenduko da egun guztietan.

Jolastokietan taldeak bananduta izanen dira eta adin guztietako ikasleek musukoa eraman beharko dute soinean. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera, baita ikasgela barruan ere.

Hala azaldu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak, Santos Indurain Osasun kontseilariak lagunduta, prentsaurrekoan, 2020-21 ikasturte berrirako COVID-19ren aurrean diseinatutako protokoloa ezagutzera emateko.

Carlos Gimenosek nabarmendu du ikasturtearen hasierarako baliabide eta langile errefortzu "nabarmena eta esanguratsua" gauzatuko dela. Hala, ikasturtea hasieran aurreikusitakoak baino 666 profesional berri gehiagorekin hasiko dutela adierazi du. Jangela zerbitzuak 183 zaintzaile gehiago hartuko ditu, eta ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan garbiketa zerbitzua lau milioitan indartuko da. Hezkuntza Departamentuak 47 milioi euroko finantza-prestasuna du, aurreikusitakoa baino handiagoa.

Ikasgeletara itzultzeko protokoloa Foru Gobernuak garatutako kontingentzia-plana oinarritzat hartuta diseinatu da. Plan horrek lau egoera aurreikusten ditu, egoera epidemiologikoaren eta ikastetxean egon daitezkeen positiboen arabera – normaltasunetik itxierara –, eta "hezkuntza-komunitate osoaren" ekarpenak jaso ditu, apymekin, zuzendarien elkarteekin, Nafarroako Eskola Kontseiluarekin eta patronalarekin egindako bileren bidez. 

Ekarpen horien ondorioz, kontingentzia-planari 2. egoera "mestizoa" gehitu zaio, 1., 2. eta 3. faseetako alderdiak jasotzen dituena, "irakasleen eta irakasle ez diren langileen eta ikasleen osasunaren segurtasuna bermatzeko" eta "ikasleen baldintza pedagogikoak bermatzeko".

Gimenok azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernua "beti egon da aurrez aurreko hezkuntza modalitatean", eta Jaurlaritzak "ikasleen ekitatea" lantzeko duen "bokazioa" nabarmendu du, "ezin delako herritarren prestakuntza aukera eten".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!