William Shakespearren hitzak bere eginda eta gaur egunera egokituta, Izan ala izan izeneko arte eszenikoko ziklo bat antolatu dute Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak. Oztopoak gainditu eta bertako sorkuntzak eta antzerkiak aurrera egin, eta existitu, izan, behar dutela sinetsita, konpainia nafarren sei ikuskizun eramango dituzte Baluartera irailaren 13tik 26ra, zeinetan antzerkia dantzarekin, bideosorkuntzarekin, musikarekin edo margoarekin uztertuko den.
Estefania de Paz Asin konpainiak zabalduko du zikloa irailaren 13an, Eo izeneko lanarekin, gizakiaren existentziaren inguruan hausnartzen duen ikuskizun batekin.
Ondoren, Laura Laiglesia taldeak hartuko du lekukoa hilaren 17an, eta Aita pieza aurkeztuko du, Umorez erakusten duena nola egokitu den belaunaldi bat gizartearen hainbat aldaketatara.
Bi egun geroago, hilaren 19an, Atikus Teatro taldeak En la perrera obra taularatuko du, bi emakumek komunikatzeko eta ukatzen zaien errespetua lortzeko bizi duten borrokaren irudikapena.
Ondoren, irailaren 23an, Arantxa Villanueva dantza konpainiak Las hijas de Bernarda ikuskizuna eskainiko du; Lorcaren testuaren berrirakurketa bat, dantzaren bitartez gorpuztua.
Irailaren 25ean Acrónica Producciones eta Ados Teatroa taldeek Lloviendo Ranas antzezlana eskainiko dute, eta nahasmendu mentalak dituzten pertsonek pairatzen duten estigma sozialaz arituko dira.
Azkenik, zikloa ixteko, Producciones Maestras taldeak Loco Desatino komedia taularatuko du, zeinarekin Ana Caro Mallén dramaturgo eta poetaren irudia berreskuratuko duten.
Antzezlan horiek programatuta, bertako taldeei bultzada eman nahi izan diete, bereziki une honetan pairatzen ari diren zailtasunak direla eta.
Antzezlan guztiak Baluarte auditoriumeko Ganbera aretoan, arratsaldeko 20:00etan, eta edukiera berrehun pertsonatakoa izango da. Sarrerek zortzi euroko prezioa izango dute, eta gazte txartelarekin bost eurokoa, eta baluarteko webgunean zein lehiatilan erosi ahal izango dira.