Guraso elkarteek jantokia edo garraioa bezalako zerbitzuei eusteko irizpideak eskatu dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 19a, 09:38
Guraso elkarteen eta Hezkuntza departamentuaren arteko bileraren une bat. (Nafarroako Gobernua)

Hezkuntza Departamentua Gurasoen Mahaiarekin bildu zen atzo, eta gaur sindikatuekin bilduko da.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentua Nafarroako Gurasoen Mahaia osatzen duten elkarteekin bildu zen atzo, ikastetxeetara ahalik eta seguruen itzultzea bermatzeko elkarlanean aritzeko. Carlos Gimeno kontseilariak eta guraso elkarteek azpimarratu zuten beharrezkoa dela ikasturtea ikasgeletan aurrez aurreko arretarekin hastea, “hezkuntzaren oinarrizko eskubide bat baita”.

Topaketa horretan Herrikoa, Concapa, Britila, Fapacena, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak parte hartu zuten, eta jantokia edo garraioa bezalako zerbitzuak mantentzeko irizpideak eskatu zizkioten Hezkuntzari. Halaber, ikasleei test serologikoak egiteko aukera planteatu zen, bai eta kontziliazioa errazteko neurriak ere, COVID-19k positibo ematen duen kasuetan, berrogeialdia mantentzera behartuta daudenean.

Elkarteek familien ziurgabetasuna islatu zuten pandemiaren bilakaeraren eta ikastetxeen antolaketan sor ditzakeen eraginen aurrean. Ikasgeletara itzultzearen alderdi emozionala kontuan hartzeko ere eskatu zuten. Era berean, D ereduko ikasleek euskararako sarbide egokia izateko duten zailtasuna nabarmendu zuten, aurrez aurreko arreta bermatzen ez bada, eta antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduerak babesteko eskatu zuten, ikasle kopuru txikiarekin bada ere.

Gimenok esan zuenez, laster aurkeztuko dituzte Osasunarekin batera ikasgeletan kasu positiboen aurrean jarduteko protokoloak, baita maskaren erabileraren erregulazioa ere hezkuntzaren esparruan. Osasun eta Hezkuntza departamentuek prozesua amaitu dute dagoeneko, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ikertzaileek Educa programan parte har dezaten eta ikasgeletan positiboak izanez gero esku hartzea ahalik eta gehien bizkortzeko balioko du.

Inbertsio gehiago

Ikastetxeen garbiketa indartzeko, joan den ikasturtean baino lau milioi euro gehiago inbertituko dira horretan, Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez. Horrez gain, garraio lineetan inbertsioa handiagoa egingo da, eskoletako jantokietan zaintzaile gehiago jarriko dira, ikastetxeei banatzen ari zaizkien prebentzio eta higiene materialak erosi eta banatuko dira (manparak, panelak eta beste oztopo fisiko batzuk, gela hidroalkoholikoak, xaboiak) eta ekipamendu informatikoak erosiko dira, 4. mailatik aurrera on line hezkuntza bermatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!