1947an Goldaratzen eraildako bi makiren gorpuzkiak aurkitu dituzte

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 28a, 09:39
Gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak. (Nafarroako Memoriaren Institutua)

Nafarroako Memoriaren Institutuak makiei buruzko ikerketa ildo bat zabalduko du. 

Gerrilla antifrankistaren borrokan parte hartu zuten bi pertsonaren –bi makiren– gorpuzkiak hobitik atera dituzte asteburu honetan, Goldaratzen (Imotz harana), Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutua Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin elkarlanean gauzatzen ari den deshobiratze programaren barruan. Bi pertsonen gorpuzkiak herriko toki ezberdinetan zeuden bi hobitan aurkitu dituzte.

Kokalekua inguru horretan bildutako lekukotasunei esker lortu dute. Lekukotzen arabera, 1947. urte inguruan, Francoren armadak gune horretako eta beste eremu batzuetako mendietan babesten ziren frankismoaren aurkako borrokalari-taldeak hesitu zituen. Zehazki, Goldaratz inguruan, makien taldeari eraso egin zioten eta horietako batzuk hil eta lurperatu zituzten, gutxienez bi hobitan. Taldeko beste kide batek zaurituta ihes egin zuen, eta egun batzuk geroago herriko bizilagunek haren gorpua aurkitu zuten segada izan zen lekutik kilometro batzuetara.

Josemi Gastón Memoriaren Institutuko zuzendariak adierazi duenez, bi hobi horiek aurkitu dituzten lekua lur harritsua da, ezkutatzeko eta babesteko egokia, eta ikaztegiak egoteak jazarritako eta hildako pertsona horien ehorzketak erraztu zituen.

Joan den asteburuan egindako hobitik ateratzeko lanetan, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariak, hobiak dokumentatzen eta lokalizatzen lagundu duten bailarako herritarrak eta Imotz bailarako Udaleko zinegotziak izan ziren.Nafarroako Memoriaren Institutuaren 2020ko Deshobiratze Programaren esparruan garatutako bigarren lana da. Aurrekoa ekainaren 20an izan zen, Gazteluberriko hilerrian. Orduan ere bi makiren gorpuzkiak atera zituzten, aita bat eta seme batenak.

Goldarazko bizilagunek gorpuzkia dagoen lekuan oroigarri bat jartzeko asmoa agertu dute. Memoriaren Institutuak, bestalde, makiei buruzko ikerketa ildo bat zabaltzea aurreikusten du; izan ere, Nafarroan frankismoaren aurkako borroka horiek gerra zibila amaitu ondoren gertatu ziren arren, haien historia ez da 1936ko kolpe militarrarekin eta haren ondorioekin lotutako beste prozesu batzuk bezain ezaguna.

Datozen hilabeteetan, institutuak hainbat lekutan prospekzio lanak egiten jarraituko du, aurten onartutako hobitik ateratzeko planarekin jarraituz. Plan horri esker, 2015etik orain arte 113 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ahal izan dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!