Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak bide judizialera jo dute, administrazioan jasotako ezezkoaren ostean

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 24a, 11:58

Mendigorriko haurren gurasoek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak helegitea aurkeztu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. Prozesuak dakartzan gastuei aurre egiteko kanpaina ere martxan jarri dute. 

Haien seme-alabek D ereduan herrian bertan ikasteko dituzten oztopoei aurre egiteko bide berri bat zabaldu dute Mendigoriko haurren gurasoek, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera: Nafarroako Gobernuaren erabakiaren kontrako helegitea jarri dute Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean. Izan ere, aurretik Hezkuntza Departamentuan sartu zuten gora jotzeko helegitea, baina erantzuna ezezkoa izan da. 

Mendigorriko gurasoek eta Behatokiak kritikatu dute Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza Mapa erabiltzen duela aitzakia gisa, esateko Mendigorriko zentroari ez dagokiola D eredurik. Baina gogorarazi dute dekretu horretan ezarritako mapak ezin duela izan oztopo 18/1986 Foru Legean ezarritakoa betetzeko: alegia, eskaria egonez gero, eremu mistoan euskarazko lerroak zabaldu behar direla, beste zehaztasunik gabe. “Hezkuntza Mapa zehazten duen foru dekretua antolaketa tresna baino ez da, beraz, ezin da muga izan herritar hauen eskubideak egikaritzeko”, salatu dute. “Euskararen Legeak eremu misto eta ez euskaldunean ez ditu beharrezko neurri bermatzaileak ezartzen euskarazko ikasketa prozesua nor bere herriko zentroan egin ahal izateko, oso lausoa baita eremu hauetan herritarren hizkuntza eskubideei eskaintzen zaien babesa”.

Bestetik, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntza Gutuna ere ekarri dute gogora: testu horretan zehazten da botere publikoek beraien politika, legedia eta praktikak gutxitutako hizkuntzak sustatzeari begira jarri behar dituztela, eta ondorioz, Mendigorriko kasuarekin “printzipio horiek urratzen” ari direla salatu dute. “Botere publikoek era murriztailean interpretatzen dituzte hizkuntza eskubideei lotutako legeak”.

Gogorarazi dute, halaber, ikasturtea aurtengo irailean hasiko bada ere, guraso hauek iazko azaroan egin zutela lehen eskaria, “aurrematrikulazioak baino askoz lehenago”. “Beraz, zentroen beste antolaketa aldaketa batzuk azkartasunez egin ahal badira, zergatik ez Mendigorriko D ereduarena?”, galdetu dute. 

Euskararen haziak

Prozesuak dakarren gastuari aurre egiteko, Mendigorriko euskararen haziak kanpaina martxan jarri dute: nahi duen orok bost euroren truke landare bat landatzeko haziak eta lorontziak eskuratu ahal izango ditu, eta bildutako dirua epaiketa zein bestelako gastuei aurre egiteko erabiliko dute. “Nafarroan geroa euskaratik eraikitze bidean, erein ditzagun lurralde osoan loratuko diren milaka hazi”, adierazi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!