Ogasunak hilaren 28an kobratuko du errenta aitorpenaren lehen kargua

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 24a, 09:46

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

Foru Ogasunak uztailaren 28an kobratuko du "ordaintzera" atera diren errenta aitorpenen lehen kargua, osorik edo zati bat, zergadunak zatika ordaintzeko modalitatea aukeratu duen ala ez kontuan hartuta. Itzulketak, berriz, uztailaren 15erako % 83 ordainduta zeuden.

Foru Ogasunak 219,3 milioi euro jasoko ditu, itzuli beharko dituen 186 milioien aldean, hau da, 32,3 milioiko saldo garbia Foru Ogasunaren alde. Guztira, 2019ko Errenta Kanpainak 353.260 aitorpen jaso ditu, 480.844 zergadunenak. Iazko zifren antzekoak dira.

2019ko Errenta Kanpainaren xehetasunak atzo aurkeztu zituzten Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, agerraldi batean. Azaldu zuenez, emaitzek ez dute adierazten pandemiak PFEZn izan dezakeen eragina, kalkuluak aurreko urteko informazioarekin egiten baitira, 2019koa kasu honetan. Errenta aitorpenak erregistratzeko prozesua, ordea, bai, pandemiaren salbuespenezko baldintzetara egokitu behar izan da.

"Ziurrenik, denoi gehiago eskatu digun kanpaina izan da, zergadunentzat eta langile publikoentzat", esan zuen Saizek. Alarma egoerarekin, Foru Ogasunaren ahaleginak kanpaina telefonoz edo telematikoki garatzera bideratu dira. Aitorpenen %87 telematikoki egin dira, hau da, iaz baino 13 puntu gehiago, eta, zehazki, Online Errentaren erabilerak –Horrekin egiten da aitorpena zuzenean Internet bidez– % 252ko igoera izan du.

Egoerak arreta zerbitzua indartzera eta errentaren tramiteen webgunea indartzera behartu du administrazioa. Hala ere, neurri horiek ez ziren nahikoak izan uneren batean; adibidez, maiatzaren 6an telefonoa kolapsatu egin zen 300.000 dei baino gehiago jaso ondoren. Webguneak, berriz, 1.171.000 bisita izan ditu, eta posta elektroniko bidezko arreta zerbitzuak 2019an baino % 66,32 mezu gehiago jaso ditu.

Errenta aitorpenarekin batera, Ondare Kanpaina ere egin da. 7.633 zergadunek parte hartu dute, eta 41,7 milioi euroko ekarpena egin dute; milioi bat eurotik gorako balioa duten ondasunak dituzten pertsonek egiten dute ekarpen hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!