Gimenok jakinarazi du aztertzen ari dela zer egin jantokiekin, maskararen erabilerarekin eta 0-3 zikloarekin

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 23a, 11:57
Carlos Gimeno kontseilaria, agerraldi batean, parlamentuan, artxiboko argazki batean.

Hezkuntzako kontingentzia plana “erabat bizirik” dagoela azpimarratu du Carlos Gimeno kontseilariak, baina azaldu du aztertzen ari direla moldaketaren bat egin beharko duten, jantokiei, maskararen erabilerari eta 0-3 zikloari lotutako erabakien arabera. 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua eskola zenbait kontu aztertzen ari da datorren ikasturte hasiera antolatzeko, egoera epidemiologikoa aintzat hartuta. Besteak beste, jantokien funtzionamendua, maskaren erabilera eta 0-3 urte bitarteko zikloa martxan jartzeko orduan kontuan hartu beharrekoak.

Carlos Gimeno kontseilariak azpimarratu du Nafarroako Gobernuak aurkeztu zuen kontingentzia plana "erabat bizirik" dagoela, pandemiaren bilakaeraren zain, eta plan horren ildo nagusiak ez direla aldatuko.

Gimenok azaldu duenez, haren departamentuak Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari galdetu dio zer iritzi duen jantokiei, maskaren erabilerari eta 0-3 zikloari buruz, eta erantzunaren zain dago.

Jantokien kasuari dagokionez, planaren bigarren agertokian horiek ixtea aurreikusten dute, kutsatze fokua dela iritzita, baina, azaldu duenez, parlamentuak eta hainbat kolektibok jantokien funtzionamenduari eusteko eskatu diete, eta Osasun Publikoaren Institutuari horren berri eman diote; erantzunaren zain daude.

Maskarak erabiltzeari dagokionez, Nafarroa osoan erabiltzea behartzen duen foru aginduak ikastetxeentzako araudi espezifiko bat ezarriko zuela gogorarazi du.

Azkenik, aipatu du haur eskola batzuek baimena dutela eta abuztuaren erdialdera jarriko direla martxan, eta, beraz, gai horri heldu behar zaiola.

Aurreikusita dago abuztuaren erdialdean Hezkuntza eta Osasun Departamentuek bilera bat egitea gai horiei buruz hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!